Lau kidek osatzen dute EHIren Komunikazio Taldea: Arantza Munduatek, Koldo Aldabek, Txema Gartziak eta Zuriñe Mendizabalek. Komunikazio eta diseinu alorrean eskarmentu handiko eta ibilbide luzeko profesional taldea osatzen dute.
Gure ikastolak, gure ekitaldiak, gure produktuak promozionatzeko kanpainak diseinatu eta prestatzen ditu, eta haien zabalkundeaz arduratzen da Komunikazio Taldea; dela matrikulazio kanpaina orokorren prestaketa, dela ikas-material, joko, cd, dvd ekoizpenen promozioa, dela ikastolen jaien lelo eta logotipoen diseinua…
EHIren Komunikazio Taldea erakundearen barne nahiz kanpo komunikazioaz arduratzen da. Informazioa jaso eta emateko orduan zubi-lana egiten du erakundearen eta hedabideen nahiz gizartearen artean, eta erakundearen eta ikastolen artean. Era berean, EHIk antolatutako ekitaldi eta deialdien prestaketan eta antolamenduan eta haien gauzatzean parte hartzen du. Erakundearen markaren presentzia hedatzeaz eta zaintzeaz arduratzen da, eta marketinaren eta kanpainen antolaketa kudeatzen du.
Ikastolen Elkarteko Administrazio atalak, beste edozein erakunde edo elkarteko administrazio atalak bezala, barrura zein kanpora eskaintzen du bere zerbitzua.
Barrura begira, Ikastolen Elkartea osatzen duten enpresa ezberdinen kudeaketa fiskal, laboral eta kontablea egiten du, eta, oro har, funtzionamendurako beharrezkoak diren zeregin administratibo-ekonomikoen ardurak hartzen.