Zer da ikastola?

IKASTOLA, HEZKUNTZA ERALDATZEN

114 IKASTOLA – 57.322 IKASLE

IKASTOLA.  Euskal Herri osoan gaude, herrietan txertatuak, 114 ikastolatan; 4.500 irakaslek, 500 langile ez irakaslek, 57.322 ikaslek eta parte hartze zuzena duten haien gurasoek -gehienak kooperatibista dira eta- osatzen dugu ikastolen komunitatea. Eskaintza integrala dugu; 0 urtetik hasita, Batxilergoraino eta Lanbide Heziketaraino. Hezkuntza eredu propioa dugu; ikasmaterialen sorkuntzan eta irakasleen prestakuntzan aitzindari izateaz gain, etengabe lanean dihardugu hobekuntzan. Pedagogia aurreratu eta aurrerakoia dugu; euskal curriculuma dugu ardatz eta oinarri. Hezkuntza euskalduna eskaintzen dugu, eleaniztasun sendoz, eta  aitzindari gara Informazio eta Komunikazio Teknologiaren erabileran. Bizia da ikastola.

Ikastola Eredua

  • 111 ikastola eta 57.322 ikasle biltzen gara Ikastolen Elkartean. Ikastola bakoitzak bere historia eta ibilbidea ditu, eta bere inguruaren errealitatera egokituta dago; baina guztiok partekatzen ditugu ezaugarri garrantzitsuak.

  • Ezaugarri horien multzoari deitzen diogu Ikastola Eredua.

  • Haurra ikastolara datorren lehenengo egunetik, familiarekin bat egiten dugu umearen garapen afektiboa, emozionala, sentsoriala eta kognitiboa sustatzeko. Testuinguru lasai eta natural batean, pertsona osasuntsuak eta buru askeak heztea dugu helburu.

  • 0-6 etapatik hasita, beren burua eta ingurua ezagutzeko eta baloratzeko, eta bizitzan zehar izango dituzten erronkei eta arazoei irtenbide egokiak bilatzeko tresnak eta baliabideak eskaintzen dizkiegu ikasleei.

  • Euskara eta euskal kultura, hezkuntza euskalduna da ikastolona. Ikasle euskaldun eleanitzak nahi ditugu, Informazio eta Komunikazio Teknologietan trebatuak.

  • Gure hezkuntza eredua garatzeko ikas material propioak sortzen ditugu, eta etengabeko hobekuntzan eta prestakuntzan diharduen irakasle eta profesional talde handi baten eta guraso eta bazkide konprometituen gidaritzapean egiten dugu lan.

  • Horrela lortu dugu ikastolok aitzindaritza pedagogikoa; geure-geureak ditugun ezaugarriekin lortu ere.

  • Hori da gure eredua, hori da Ikastola eredua.

Euskalduna

Euskaratik mundura!

Ikastolan euskaraz bizi gara, eta euskaraz bizi nahi dugu Euskal Herrian. Euskaraz munduratzen gara, eta mundua euskaraz ekartzen dugu ikastolara. Euskal Herritik mundura goaz, euskaratik, euskaran ardaztutako eleaniztasunarekin, gure hizkuntza proiektuarekin.

Iturri zaharretik

edaten dut,

ur berria edaten,

beti berri den ura,

betiko iturri zaharretik.

(Joxean Artze)

 

Herritarra

Herritik sortuak, herriarentzat

Hezkuntza zerbitzu publiko gisa ulerturik, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundetzea du ikastolak: kooperatiba da. Gurasoak dira kooperatibista, eta haiena da azken hitza, haiek erabakitzen dute. Gizarte partaidetza eta erantzukizuna ditu ardatz. Hezkuntza ulertzeko eredu propioa du, herriari eta herritarrei itsatsia, haien zerbitzura. Ikastolen Elkartean batzen da beste ikastola guztiekin batera, Europar Kooperatiban. Euskal Herrirako eredua da ikastola.

 

Eraldatzailea

Hezkuntza eraldatzen!

Euskal curriculumetik eta konpetentzietatik abiatuta, hezkuntza eraldatzen ari da ikastola bere eredu pedagogikoarekin. Espazioak berritzen, eduki digitalak sortzen eta txertatzen, hezkuntza paradigma berrian ere aitzindari da ikastola. Eta proiektu pedagogikoak ikertzen, garatzen eta berritzen ari da etengabe. Bikaintasuna ulertzeko modu bakarra dauka ikastolak: ikasle guzti guztien hobekuntza. Hezkuntza eraldatzen, gizartea eraldatzeko; gizarte justuago, parekideago, euskaldunago eta zoriontsuago bat eraikitzeko.

 

Hezkuntza eredu propioa

Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritua

Ikaslearen irteera profiletik abiatuta, marko pedagogiko propioarekin, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritzen da ikastola eredua. Hizkuntzen trataera integral eta integratua garatzen du, euskaran ardazturiko planteamenduarekin. Arlo guztietan txertatzen ditu oinarrizko konpetentzia orokorrak eta konpetentzia digitala. Pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, eta egiten eta ekiten jakin behar du ikasleak. Hezkuntza integrala dauka, ikasmaterial propioekin.