Aurkezpena

Bost dira Ikastolen Jaiak: Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez. Gipuzkoakoa izan zen lehena, Kilometroak, 1977an sortu zena. Ikastolen premiak oso handiak zirelako sortu zen, eta berehala zabaldu zen egitasmoa beste lurraldetara. Horrela jaio ziren Ibilaldia (1979an), Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez (1981ean) eta Herri Urrats (1983an). 

Hasieran eraikitako zutabeak bizirik diraute oraindik.

Ikastola proiektua indartzeko eta hezkuntza proiektu propioa aurrera eramateko baliabideak lortzea dute helburu. Zirkuitu bat egokitzen da jendea ibiltzeko, eta bere gozamenerako jatekoak, edatekoak eta ikuskizunak prestatzen dira. Auzolanean aritzen dira  gurasoak, langileak, etxekoak, koadrilak eta herritarrak, ikastolaren ilusio berean murgilduz, helburuarekin bat eginez.

Ikastolen Elkartea da jaiotzetik antolaketa orokor horren aterpea.