Aguraingo jardunaldietara ikastolak EZ JOATEKO deia
Aurreko mezuetan besterik esan badugu ere, oraingo oharraren bidez ikastolak deitzen ditugu Agurainen larunbat honetan egingo diren jardunaldietara EZ JOATERA. Jarraian duzue gure iritzi aldaketaren azalpena.
“Euskal herrian gure hezkuntza eraiki, LOMCE EZ” plataformaren baitan “Gure Gida” dokumentuaren erredakzioan eta 2014ko Maiatzaren 6an, asteartean, emandako prentsaurrekoaren kudeaketan eta agerraldian gertatutako irregulartasun larriak direla-eta, Ikastolen Elkarteko kideok larunbatean Agurainen ospatzekoak diren jardunaldietan ez dugula parte hartu behar deritzogu, eta aipatutako plataforman parte hartzen jarraitzea ere hurrengo Artezkaritza Kontseiluan aztertu beharreko gaia dela, momentu honetan plataforma uztearen aldekoa izanik gure artean nagusi den jarrera.
Aipatu ditugun irregulartasun larriak, modu sintetikoan, ondoren aipatzen diren puntuetan gertatu dira, izan ere, adostuak izan baziren ere, ez direlako azken testuan agertu edo errotik aldatu direlako.
- Hezkuntza lege baten beharra ez da aipatzen.
- Adostu zen prentsa oharrean esaten zen: "aplikatu ez dadin estrategia komunak lantzea", "ez aplikaziorako bidea zabaltzea eta etorkizuneko hezkuntza propioaren garapenean urratsak egiten joatea". Horren ordez, aldiz, behin eta berriro aipatu zen "Desobedientziaren bidea proposatu dute".
- Ebaluazio frogak direla-eta, batez ere errebalidari zegokionean, testua ondorengoa izango zela adostu zen: "Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan eta Batxilergoko 2. mailako banakako azterketak (“errebalidak”) ez egiteko euskal erakundeen babesa exijitu, tituluak jokoan daudelako". Horren ordez, aldiz, ondorengoa jarri da: "Estatuak inposaturiko kanpo ebaluaziorik ez egin”.
- “Patronal” aipamena. Ikastolen Elkarteari eta beste eragile batzuei erreferentzia eginez Patronala hitza ez zela erabiliko adostu zen. Ordea, bai prentsaurrekoan zein ondoren plataformako kideei egindako elkarrizketetan, behin eta berriro errepikatu dira aipamen hauek.
Gure ustez plataforma honek adinako pluraltasuna duen edozein lan-taldetan derrigor izan beharreko leialtasun minimoa modu argian urratu da, plataformako kide diren erakunde batzuen interesei men egiteko, eta modu oso berezian ukitu dituzte Ikastolen Elkartearen zenbait aldarrikapen eta planteamendu. Horregatik guztiagatik deritzogu ez dugula larunbateko jardunaldietan parte hartu behar.
Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseilua