‘Euskaraz bizi’ dokumentala ETB1en
Hilabete batzuk pasa dira Tolosako Laskorain ikastolak Euskaraz Bizi proiektuari buruzko dokumentala jendaurrean aurkeztu zutela. Orduko hartan, Tolosako Kultur Etxean egin zuten aurkezpena. Bada bihar, asteazkenean, ETB1en emango dute dokumentala.
25 urte baino gehiago dira Tolosako Laskorain ikastolan Euskaraz Bizi proiektua martxan jarri zutela. Jose Luis Gorostidi zena izan zen Lizarran Euskaraz Bizi proiektua sortu eta han bertan abian jarri zuena.
Emeterio Zaldibiaren ekimenez, 1986/1987 ikasturtean hasi ziren Tolosako Laskorain ikastolanEuskaraz Bizirekin lanean; izan ere, garai hartan, ikasleen gelaz kanpoko euskara-erabilera ez zen nahi bestekoa eta egoera hori irauli nahi zuten.
Mende laurden bat pasa berri den honetan, Laskorainen harro diote egoera iraultzea lortu dutela, gaur egun, ikasleen arteko gelaz kanpoko euskara-erabilera % 95etik gorakoa baita.
Euskaraz Bizi proiektuak Laskorain ikastolan izan duen bilakaera jasotzeko eta izan duen arrakastaren gakoak aztertzeko, dokumental bat egin dute. Dokumentala, Mondragon Unibertsitaterako, Izarne Olano eta Aritz Larretak egindako Gradu Amaierako Lana da.
Euskaraz Bizik duen eraginaz, honen sorrera eta Laskorainen izan duen ibilbidea laburbiltzen du dokumentalak. Emeterio Zaldibia, Kike Amonarriz, Itziar Zabala, Lorea Berasategi, Txoan Ormazabal... Proiektuaren inguruan ibili direnen testigantza, bizipen eta oroitzapenak biltzen dituen dokumentala da.
EGUNA: Asteazkena, otsailaren 12a
ORDUA: 23:20
NON: ETB1en