2023tik 2028ra arteko Ibilaldi jaiak esleitu dituzte
Bizi dugun osasun larrialdi egoerak ez ditu ikastolen itxaropenak zapuztu, eta berriro ere gure jaietan elkartu, besarkatu, ongi pasatu eta pandemiaren aurreko normaltasunean gure jaiez gozatzeko esperantzak bizi-bizirik dirau. Aurten nekez itzuliko gara egoera horretara, baina egoerara moldaturiko jaiak prestatzen dihardugu, eta etorkizunekoak pentsatzen ere bai. Bizkaiko Lurralde Batzarrak atzo egin zuen bileran, 2023tik 2028ra bitarteko jaiak esleitu zituen. Jakina da aurtengo Ibilaldia Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek antolatuko dutela, eta heldu den urtean, berriz, Bilboko Abusu ikastolak. Bizkaiko Lurralde Batzarrak atzoko bileran hurrengo sei jaiak non ospatuko diren eta zein ikastolek antolatuko dituzten erabaki zuen. Hauexek dira hurrengo urteetarako hitzorduak.
- 2023. urtean, Zubi Zahar ikastolak antolatuko du Ibilaldia, Ondarroan
- 2024an, San Nikolas ikastolak, Getxon
- 2025ean, Eguzkibegi ikastolak, Galdakaon
- 2026an Kirikiño ikastolak, Bilbon
- 2027an, Bihotz Gaztea ikastolak, Santurtzin
- 2028an, Harrobia ikastolak, Bilbon
Ikastolen asmoa da gure jaien bitartez euskarari, euskal kulturari eta gure artista eta sortzaileei urtero bost plaza handi eskaintzen jarraitzea, eta berorien bidez ikastolen proiektuak biziberritzen jarraitzea.