Hezkuntza sistemaren planifikazioa dela eta

Azken egun hauetan hedabide eta sare ezberdinetan irakurtzen aritu gara hurrengo urte hauetarako sare itunduan Hezkuntza Sailak proposatzen dituen itun edo/eta planifikazioaren inguruan hainbat hezkuntza eragilek idatzi edo esan dutena, eta beharrezko ikusten dugu zehaztapen eta argibide batzuk ematea.

1.- Idatzi eta hedabideetan bi kontzeptu ezberdin nahasten ari dira: Hurrengo sei ikasturtetarako gelen planifikazioa (Dekretu baten bidez arautzen dena) eta 22/23 ikasturterako gelak ituntzeko irizpideak (Agindu baten bidez arautzen dena). Ikastolok, behintzat, bigarrena bakarrik ezagutzen dugu, alegia, 22/23 ikasturterako gelak ituntzeko Hezkuntza Sailak ezarritako irizpideak. Planifikazioa une honetan ezarrita egon behar bazen ere, gaur gaurkoz ez dugu ezagutzen hura ezartzen duen dokumenturik. Bateren batek (batzuek) ezagutzen badu, eskertuko genioke horren berri guri ere ematea.

2.- Kexatzen dira batzuk Hezkuntza Sailak malgutu egin dituela 22/23 ikasturtean gelak ituntzeko irizpideak, eta hori administraziopeko ikastetxeen kaltetan doala. Orain dela egun gutxi Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen artean egindako akordioarekin alderatzen badugu, ez dugu uste zalantzarik dagoenik:   Haur Hezkuntzan, sare publikoan 21 ikaslerekin bigarren gela martxan jartzen den bitartean, ikastoletan 28 ikasle behar ditugu horretarako; Lehen Hezkuntza sare publikoan 24 ikasle behar dira bigarren gela irekitzeko, eta ikastoletan, 28; DBHn, sare publikoan 26 eta ikastoletan 34; eta Batxilergoan sare publikoan 28 eta ikastoletan 36. Non dago kezka? Ez bada ikastolak desagertzea nahi dutela eta gure ikasle guztiak sare publikora joatea nahi dutela ez dugu ulertzen. Askoz kezkatuago egon beharko ginateke (eta gaude) ikastoletan, ez delako aplikatzen Hezkuntza Akordioan ezartzen den oinarrizko puntua: Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartuko garen ikastetxe guztiok eskubide eta betebehar berdinak izango ditugula. Azken hilabeteetan egiaztatzen ari gara oinarrizko puntu hau ez dagoela gehiegi barneratuta hezkuntza-komunitatean eta administrazioan, ezta akordioa sinatu duten alderdi politikoen artean ere. Badirudi hezkuntza eremuan ez dela ezer gertatu, eta behin eta berriz sare bakoitzaren eginkizunari buruzko esaldiak entzuten ditugu eragile guztien aldetik (“lehentasunezkoa”, “ardatza”…). Aitortu egin behar zaigu euskal hezkuntza sistemari egiten diogun ekarpena, eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan integratuko diren gainerako ikastetxeen baldintza eta betebehar berdinak izan behar ditugu.

3.- 2 urteko gelak ituntzeko proposamena dagoela salatzen dute. Ez dakigu gizarteak jakingo duen, baina administraziopeko ikastetxeetan 2 urteko gelak orain dela 20 urte daude, horrek Partzuergoari (eta bere langileei) egiten dion kaltearekin. Ikastolok behintzat aspalditik ari ginen eskatzen hau.

4.- Hurrengo sei urteetarako planifikazioa dela eta, hasieran esan duguna berresten dugu: Ikastolok behintzat ez dugu ezagutzen Dekretua. Hori bai, ados gaude benetako planifikazioa egin nahi bada horretan inplikatutako alde guztiok (herri edo eskualde bakoitzeko ikastetxe guztiek, udalek, sindikatuek, …..) zerikusirik dugun guztiok parte hartu behar dugula. Ikastolok ez dugu arazorik gure ikastoletan zer planifikazio egiten den partekatzeko, baina horrekin batera ikastola dagoen herri bakoitzean zer nolako planifikazioa dagoen ezagutu behar dugu. Benetako planifikazioa egin nahi badugu, herriz herri aztertu beharko genuke egoera, inor ez da bestea baino gehiago, eta ikastolok prest gaude eztabaida horretan sartzeko. Hori bai, ikastetxe guztiok betebehar eta eskubide berdinekin, eta, bereziki, bi ezaugarri nagusirekin: egoera zaurgarri duten familia guztien banaketa orekatua, alde batetik, eta familiek egiten duten aukera errespetatuz, bestetik.

 
5.- Bukatzeko, ikastolok azkeneko Araba Euskarazen adierazi genuen kezka 22/23 ikasturterako ezartzen ari ziren irizpideez, horiek mantenduz gero, lerro bateko ikastolak desagertzeko zorian ikusten genituelako, eta horregatik, hain zuzen ere, ez zaigu gustatu gaia arautzen duen Agindua. Hala ere, denbora dago egoera bideratzeko, eta horretan jarraituko dugu, elkarrizketak egiten eta bideratzen. Benetako akordioa nahi badugu, bidea hori dela pentsatzen dugu; beste eragileei erasotu gabe eta beraiekin ere akordioak bideratuz. Askotan errepikatu dugun mezua da, utzi diezaiogun gure zilborrari begiratzeari, eta saiatu gaitezen Hezkuntza mundua osatzen dugun guztion artean gure sistema hobetzen, gure familiek eta gizarteak merezi dute eta.