Bosgarren kolegio bat babesteko izango da aurtengo Herri Urrats
Aurtengo Herri Urrats aurkeztu du gaur goizean Seaskak. Maiatzaren 9an izango da, eta Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearen bosgarren kolegioa eraikitzeko helburuari erantzungo dio. Koronabirusaren krisiak dena baldintzatzen duen garai hauetan, gogoeta luzea izan dute ikastolen festa ospatzeko moduari begira, eta aukera ezberdinak aztertu ondotik, bere horretan atxikitzea erabaki dute, maiatzeko bigarren igandean: «Herri Urrats data bat da, toki bat da; ohitura bat da», adierazi dute. Oraindik ez dakite zer forma hartuko duen, baina zehaztu dute «inoren osasuna arriskuan ezarri gabe» eta baimendua izango denaren neurrian, ospakizuna atxikiko dutela. Festak izan ohi duen helburu ekonomikoari erantzuteko, Boga diru bitze kanpaina abiatu dute gaurdanik. 300.000 euro lortu nahi dituzte gutxienez.
Boga izango da, hain zuzen, aurtengo Herri Urratsen leloa, arraunean bezala, elkarlanari esker aitzina joateko. boga.herriurrats.eus/ helbidean, bosgarren kolegioaren eraikuntza zati bat babesteko aukera izango du hala nahi duenak: teilak, ateak, leioak, berogailuak, igogailua... 20 eta 2.000 euro arteko ekarpena egiteko aukera dago..
Ikastola bakoitzaren egoera ekonomikoa hurbiletik zaintzen duten bitartean, 2021eko iraileko sartzea prestatzen hasiak dira ere. Ondoko hiru urteetan, Pirinio Atlantikoetako departamenduan 3.000-4.000 ikasle gutxiago izanen direla aurreikusi du Frantziako Hezkuntza ministerioak, akademia ikuskariaren arabera, haur sortzeak anitz apaldu baitira. Horiek horrela, heldu den ikasturterako ez dute ikasle kopuru emendatze handirik espero lehen mailako ikastoletan. Haatik, bigarren mailan aitzineko urteetako «uholdearekin» segituko dutela iragarri dute, Baionako Bernat Etxepare lizeoan, eta bereziki lau kolegioetan. Uholde horri buru egiteko, bosgarren kolegio bat sortzeko lanetan ari direla berretsi dute. Joan den irailetik, mila ikasleren langa gainditu dute kolegioetan, eta ondoko bost urteetan %30 haziko da.
Lau kolegio ditu gaur egun Seaskak. Iazko udaberrian bukatu zituzten Larzabaleko (Nafarroa Behera) Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa berritzeko lanak, 2013an handitu zuten Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegio historikoa, eta 2017an ireki zuten Estitxu Robles Arangiz kolegioa Baionan (Lapurdi). Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioa da laugarrena. 300 ikaslerentzat pentsatua da, baina 329 ditu gaur egun, eta ondoko urteetan handitzen joanen dela aurreikusten dute. Tokian berean ezin denez handitu, bosgarren kolegio bat behar dute «lehenbailehen». Bi eremutan ari dira proiektua lantzen: Azkaine eta Senpere (Lapurdi) inguruan, eta Lapurdi barnealdean, Hazparneko eskualdean.
Araba euskaraz
Laudio Ikastolak, berriz, Araba Euskaraz, Arabako Ikastolen jaiaren 2021eko edizioa, 41.a, aurkeztu zuen abenduaren 17an, Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan.
Pandemia egoerak erabat nahastu ditu 2020an zehar ospatu behar ziren Ikastolen jaiak eta behin Amurrion ospatu behar zen 2020ko edizioa amaitutzat emanda, Arabako Ikastolek datorren urterako egitasmoen berri eman zuten jaiaren antolakuntza ardura Laudio Ikastolari emanez.
2021eko ekainaren 20an ospatuko da Araba Euskaraz, “Zabal bideak” leloaren pean. Logotipoa edo irudi grafikoak berriz, irekitako leiho batetik ikusten den bide edo paisaia irudikatzen du.
Bertoko zuzendaria den Jon Bengoetxea Martinezek argitu zituen lelo eta logotipoarekin gizarteratu nahi duten mezuaren muina “une latzak bizi ditugun honetan, ilusioa eta kemena piztu nahi ditugu Zabal bideak leloarekin.
Irudimena eta sormena baliatu nahi ditugu Ikastolak, Hezkuntza eta komunitate euskalduna biziberritzeko. Zabal bideak gogo horrek euskarari, parte-hartzeari, euskal kulturari, eraldaketa pedagogikoari egiten die erreferentzia. Hortik dator gure leloa eta hortik dator gure logotipoa. Ireki ditzagun gure leihoak, ireki ditzagun gure ateak, euskarari, hezkuntza eredu berriari eta Laudioko herriari”.
Araba Euskaraz ekimenak sortuko dituen baliabide ekonomikoei dagokienez, Jon Bengoetxeak hiru ardatz aipatu zituen. “Jakin badakigu oraingo egoerak sor daitezkeen baliabide ekonomikoengan eragin zuzena izango duela. Errealistak izan nahi dugu espekatibatan. Hala ere hiru ardatz zehaztu ditugu sor daitezkeen funtsetarako: Laudio Ikastola garatzen ari den proiektu pedagogikoak behar dituen espazio arkitektonikoen egokitzapena, Ikastola eremua herrira zabaltzeko ekimena sustatzea eta aniztasuna eta inklusioari bideak eskaini ahal izateko errekurtsoak eskuratzea”.
Laudio Ikastolako lehendakaria den Aiara Murga Egiak bestetik, 2021 urtean jaiaren antolaketan garatuko diren berrikuntza ildoak aurkeztu zituen.
"Aurtengoa eta hemendik aurrera ezagutuko ditugun Araba Euskaraz jaiak ez dira lehengo berberak izango. Jai eredu aldaketa batean murgilduta daude Ikastolen jaiak eta gureak ere bide hori jorratuko du. Urtean zehar, hilero ahal dela, euskara eta euskal kultura sustatzeko ekimenak bideratuko ditugu.
Bide horren gailurra edo azken txanpa ekainaren 20an burutuko dugu. Ibilbide horretan Ikastola herrira zabaltzea izango dugu ardatz, irudimena eta sormena elikatzeko aukerak eskaini nahi ditugu eta baita ere herriko kaleetatik haratago gure ingurumena, gure ondare naturala ezagutu eta zaintzeko ekimenak jorratu”.