Hemen da 2020-21 ekitaldirako TANTA txartela
2019-20ko ekitaldia itxita, aurtengo ekitaldirako TANTA txartel berria aurkeztu dugu gaur, Ikastolen Etxean. Ikastolen aldeko bost jaiek bultzatutako ekimenak beste urte bati ekin dio. Aurreko ekitaldiak egitasmoa ezagutarazteko balio izan du eta ikastolen proiektuak finantzatzeko eraginkorra dela frogatu da.
TANTA ikastolen aldeko elkartasun adierazpen txartela da. Herritarrek bost euroko ekarpena eginez eskuratu dezakete txartel bakoitza. Ikastolen jaien ekimenez sortu zen iragan urtean, eta ikastola guztien egitasmoa da. Horregatik Ikastolen Elkartearen ardurapean gauzatu da ekimena. Urtero, urte horretako jaien ikastola antolatzaileek dute elkartasun txartel hauek banatzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek ere parte hartzen dute ekimenean. Guztiak ari dira herritarren elkartasuna tantaz-tanta biltzen, auzolanean.
TANTA txartelak erosiz, herritarrak partaide izango dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak. Ikastolek, berriz, herritarren elkartasun adierazpen hau saritu egin nahi dute. Horregatik, TANTA txartela erosten dutenek, trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.
Iazko azaroan abiatu zen ekimena, eta beste ekimen ugarirentzat bezala, ez da urte oparoa izan guretzat ere. TANTA txartelak gizarteratzen hasi orduko kolpatu zuen pandemiak, eta, ondorioz, ezin izan dira herritarren artean behar beste zabaldu. Halere, ikastolen komunitatean oso harrera ona izan du, eta horri esker, nolako urtea izan den aintzat hartuta, arrakastatsua izan dela azpimarratu behar dugu, hasierako aurreikuspenak bete ez diren arren, lehenbiziko urtean ekimena ezagutarazteaz gain ikastolen proiektuak finantzatzeko tresna eraginkorra dela frogatu delako.
SAIOKA egitasmoa omenduz
TANTA egitasmoarekin IKASTOLA EREDUA ere azaldu nahi da; nondik datozen, non dauden eta nora joan nahi duten adierazi nahi da. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen Historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz. Ekimena abiatzeko, Elbira Zipitria andereño historikoa aukeratu zen. Bigarren ekitaldian, berriz, Saioka egitasmoa omendu nahi da.
Saioka 1974an sortu zen Iker taldearen eskutik, eta gerora Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak eman zion jarraipena. Garai zailetan eta baliabide gutxirekin, dozenaka espezialistak Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko zortzi mailetako arlo guztietarako liburuak eta bestelako ikasmaterialak prestatu zituzten ikastolentzat. Lehenengo esperientzia integrala izan zen euskarazko ikas materialen sorkuntzan. Metodologia aldetik, irakasleak proposatu eta ikasleekin batera egin beharreko proiektu praktikoetan oinarriturikoa izan zen Saioka egitasmoa, originala eta berritzailea, euskara batuan idatzia, eta euskara arlo guztietan erabiltzeko pentsatua.