Bi ikastola, bi herrialde, herri bakarra
Iritsi dira Nafarroa Behereko eta Bizkaiko ikasleak Zuberoara.
Lartzabaleko Manex Erdozaintzi kolegiokoak eta Galdakaoko Eguzkibegi ikastolakoak elkartuko ditugu 3 egunez Maulen. Iparraldeko eta hegoaldeko ikasleen arteko elkar ezagutza sustatzea da egitasmoaren helburua.
Ikastolen Elkarteak eta Uda Leku Elkarteak elkarlanean iazko udan estreinakoz antolatu zuten udalekuan oinarrituta, jarri da martxan egonaldi berri hau. 2014ko udan zazpi lurraldeetako ehundik gora gazte elkartu ziren Maulen. Oraingoan, ikasturtera hedatu da proiektua, eta bi ikastolen arteko topaketa moduan antolatu da aste honetakoa.
11-12 urteko hirurogeita bi gaztek, beraien artean ezagutzeaz gain, Zuberoako errealitatea ezagutu ahal izango dute. Horretarako hainbat ekintza antolatu dira: Mauleko gazteluan kokapen historiko bat jasoko dute, herriko saltokietatik dinamika bat egingo dute egoera soziolinguistikoaz zein euskalkiaren ezaugarriez jabetzeko, bertako sortzaileen bisita ere egongo da eta elkar ezagutzeko ohiko joko eta dinamikak.
Gazte bakoitzak “Kaiera” bat izango du berekin hiru egunetan, kaiera horietan eguneko bizipenak jasoko dituzte, elkarren artean oharrak idatziko dituzte eta helbide/telefono trukea egiteko baliatuko dute kaiera.
Asisko Urmeneta eta Peio Etxekoparren eskutik “Bestaldekoak” ikuskizunaz gozatzeko aukera ere izango dute gazteek ostegunean. Ikuskizun honek ipar-hego banaketa du ardatz, umoretik landuko dute banaketa horrek eragindako ezberdintasunak.