HIZKUNTZ PROIEKTUA: sarrera

XXI. mendearen lehen hamarkada hauetan, heziketa-lana tokian tokiko eta garaian garaiko testuinguruan ongi kokatu nahi duen eskolak bere planteamenduak eguneratu behar ditu, gizartean gertatzen ari diren aldaketa sakonei era eraginkorrean erantzun nahi badie. 
 
Aldaketa horien artean, hizkuntzarekin zerikusia duten prozesuek berebiziko garrantzia hartzen dute ikastolontzat eta euskal eskolarentzat, oro har. Euskararen indarberritzea dugu ardura nagusi, eta, horrekin uztartuz, globalizazioaren gizarte eleaniztunean bizitzeko prestatu behar ditugu etorkizuneko euskal herritarrak. Horrenbestez, euskaran eta euskalduntasunean ardaztutako hezkuntza eleaniztunerako eredua garatu behar dugu.
 
Bide horretan, 2000. urtean ikastola-sareak tresna berri baten beharra ikusi zuen; hain zuzen ere, ordura arte hizkuntzen inguruan sortutako proiektu guztiak uztartuko zituen tresna bat, eta hizkuntza guztien tratamenduari koherentzia emango ziona eskola barruko eremu askotarikoetan. Tresna horri Hizkuntz Proiektua deitu zitzaion, eta haren markoa idatzi zen (Ikastolen Hizkuntz Proiektua definitzen, 2002) Ikastola bakoitzak bere Hizkuntz Proiektua garatu zezan. Urtez urte egitasmoarekin bat egiten joan dira ikastolak eta 2009an Ikastolen Hizkuntz Proiektua liburua argitaratu zen ikastolen hausnarketari eta lanari esker.
 
Web orri honek, ikastola bakoitzak bere hizkuntz proiektua garatzeko lagungarriak izan daitezkeen tresnak (artikuluak, aurkezpenak, lan proposamenak, etb.) eskaini nahi ditu.