EHUren STEAM irakaskuntza ikasgelara! Ikastaroan parte hartu dugu
EHUren Udako Ikastaroen barruan EHUko STEAM-Active proiektuaren ikerketa-taldeak antolatuta, “STEAM irakaskuntza ikasgelara!” ikastaroa eman da duela egun batzuk, Donostiako Miramar jauregian. Hainbat unibertsitatetako eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko adituekin batera, Ikastolen Elkarteak parte hartu du ikastaro honetan, Erramun Martiarenarekin. Ikastolen Elkarteko Bigarren Hezkuntzako lan taldeko kidea eta STEAM alorreko arduraduna da Martiarena, bai eta Scientix zientzien irakaskuntzarako Europako komunitateko enbaxadorea ere.
STEAM zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika, artearekin eta humanitateekin uztartzen dituen programa da. Gai hauetako kontzeptuak aldi berean eta modu integratuan ikasteko aukera ematen duten egoerak nahita sorrarazten dira, diseinuari eta problemak ebazteari lotutako testuinguru praktikoetan. Ikerketan oinarrituta dago, esperimentuak planifikatuz, hipotesiak ikertuz, informazioa bilatuz, ereduak eraikiz, taldean lan eginez, azalpen koherenteak eztabaidatuz eta proposatuz egiten da ikerketa.
“STEAM irakaskuntza Euskal Herrian. Non gaude eta norantz joan behar genuke?“ gaia jorratu du Erramun Martiarenak EHUren Udako Ikastaroetan, eta "STEAM irakaskuntzaren indarguneak eta ahuleziak. Nola integratu behar dut nire irakaskuntzan?" mahai inguruan ere parte hartu du alorreko beste hainbat aditurekin batera.
Hizlaria galdera honetatik abitu da: Zer gertatzen da ikas-komunitatera hurbildu, eta zientzia eta teknologia arloen ikas-irakaskuntzaz galdetzen dugunean? Egoera azaltzeko, European Schoolnet-en STEM Scool Label (SSL) autodiagnostiko tresna berriaren kudeaketaz, aplikazioaz eta orain arteko emaitzez aritu da.
Azken lau hamarkadetan STEAM hezkuntzan planifikaturiko lorpen batzuk azkar gertatu dira, beste batzuk, ordea, mantsoago doaz. Euskal Herrian eta Europar Batasunean, oro har, ikerkuntza zentroak ugaritu dira; dibulgazio zientifiko-teknikoa izugarri zabaldu da; aurrerapausoak eman dira zientziaren ikerkuntza didaktikoan; eta STEAM ekimenak ugaritu ikastetxeetan.
Jarraian, galdera honi ekin dio: Nondik inspiratu ikas-egoerak eta proiektuak aukeratu eta diseinatzeko? Erantzuteko, Ikastolek sortu eta STEM School Labelaren europar plataforman argitaratu dituzten ebidentzia ugari erakutsi ditu.
Martiarenak hitzaldia foro paregabea izan du aurten ere, hirugarren aldiz, hainbat ikastolak STEAM alorreko akreditazio europarra jaso dutela iragartzeko. Oraingoan gainera, eta lehen aldiz, akreditazio maila gorenarekin: Expert-STEM School Label edo aditu maila delakoa. Euskal Herriko lehen bikaintasunezko aitorpena, Uzturpe Ikastolarentzat izan da.