Ipar-hegoa Trukaldia, euskal ikasleen harreman-sarea ehuntzen hasi da
Ekainaren 10etik 14ra Euskal Herriko zazpi ikastolatako ikasleak elkarrekin aritu dira sormenean, ekintza-ludikoetan eta balio hezitzaileetan oinarritutako elkarbizitzan. Ikastolen Elkarteko Zirimola Aisialdi Taldeak antolatu eta Euroeskualdeak babestutako ekimena da Ipar-Hegoa Trukaldia.
Ikasturte amaierako ohiko ikasbidaiaren ordez, Euskal Herriko lurralde desberdinetako ikaskideekin trukaldia burutu dute zazpi ikastolatako ikasleek, Nafarroako erdialdeko Allo herrian, Ikastolen ‘Tahona’ Aterpetxean. Gernikako Seber Altube ikastola, Altsasuko Iñigo Aritza ikastola, Sarako Olhain ikastola, Elorrioko Txintxirri ikastola, Tuterako Argia ikastola, Sohütako Eperra ikastola eta Uztaritzeko Louis Dassance ikastolako ikasleak izan dira Ipar-hegoa Trukaldian parte hartu dutenak.
Euskal Herriko txoko ezberdinetako ikasleen topagune izan da astebetez Trukaldia. Euskara izanik euskaldun egiten gaituena, herri bakoitzeko euskalki, ohitura, kultur adierazpen eta sormenaren kokaleku izan da Allo. Bizipenen bidez, Euskal Herriko aniztasunaz jabetzea eta euskal kulturaren harrobia aberastasunez elikatzea izan da xede nagusia. Ikastola bakoitzak bere baitan antolatzen duen ikasbidaia izatetik, Trukaldia euskal ikasleen harreman-sarea ehuntzen lagunduko duen egitasmoa izatera igaro nahi izan da.
Nafarroako bihotzean eta Allo-ko herrian kokatzen den `Tahona´ Ikastolen Aterpetxean egin den egonaldiak sormenean, ekintza-ludikoetan eta balio hezitzaileetan oinarritutako elkarbizitzan jarri du fokua. Naturaz, gastronomiaz, jolasaz, jokoaz, musikaz, arteaz eta kantuaz gozatzeko aukera paregabeak eskaini dizkigu Zirimola aisialdi taldearen ekimenak. Euskal Herria nazio gisa sentitzera eraman ditu ikasleak, euskararekiko eta euskal kulturarekiko atxikimendua indartuz.