HIZKUNTZA HARRERA NOLA EGIN ESKOLAN: EDUKIA ETA SISTEMATIZAZIOA

Ikastaro zerrendara itzuli

Azalpena

Ikastaro honen helburua da, eskolako hizkuntza harrera diseinatzen ikastea. Eskolan dagoeneko harrera plan orokor bat badago, hor hizkuntzaren ikuspegia txertatzen ikasiko da eta ez badago, harrera plan bat diseinatzeko oinarriak ere erakutsiko dira.

Hizkuntza harrera sistematizatzearen garrantziaz ohartarazi nahi da, borondatezko lana izateari utzita. Horrek, antolaketa eta dedikazioa eskatzen dio eskola bakoitzari eta hori egin ahal izateko formazioa eskaintzen da ikastaro honen bitartez.

Hizkuntza harrera egin ahal izateko, beste hainbat kontzeptu ere lantzera bultzatuko gaitu. Hala nola, kulturartekotasuna eta hizkuntza aniztasuna. Bi kontzeptu horietan oinarritutako hizkuntza harrera egitea aholkatuko du Emunek, hizkuntza guztiek (euskararena barne eta oinarri hartuta) bere lekua eta dagokien garapena izan dezaten ziurtatzeko eta atzerritik etorri diren ikasleak ongi integratu daitezen.

Integrazioa bere zentzurik osoenean ulertu behar da, bi norabidetako integrazioa alegia. Etorkinei eskolarako sarbidea bermatuko zaie bertakoen eskubide eta betebehar berberekin eta bere jatorrizko kulturari uko egitea eskatu gabe. Eta eskolak hori posible egiteko baldintzak eskaini behar ditu. Hortxe kokatzen da, hain zuzen ere, harrera sistematizatuta edukitzearena.

Integrazioaren alderdietako bat, eta oso garrantzitsua, hizkuntza-integrazioa dugu. Hizkuntzak berebiziko garrantzia dauka edozein sozializazio prozesutan.

Hizkuntza herri baten identitatearen elementua da, baina identitateak bi norabide dauzka. Bi norabide horiek kontuan hartu behar dira, alde batetik eskolan dauden haurren identitatea eta bestetik, etorkinen identitatea.

Kulturartekotasunak kulturen (hizkuntzen) arteko errespetuzko erlazio bat suposatzen du; eta definizioz, elkarrekintza inplikatzen du. Kultura bakoitzak pentsatzeko, sentitzeko eta ekiteko modu desberdinak baditu ere, kulturartekotasunak “desberdinen” arteko elkar ulertzea ahalbidetzen du, kultura bakoitzeko alderdi erakargarrienak plazaratu eta elkarren arteko aurreiritzi eta erresistentziak saihestuz.

Gurea gorde besteena errespetatuz jokamoldea bultzatuko da batez ere. Gure inguruan, eguneroko bizitzan, eskolan… izango diren hizkuntzei funtzioak ezarri beharko zaie.

Atzerritik etorritako haurren integraziorako hasiera besterik ez da harrera. Harreraren ondoren ere, inklusioa eta elkarbizitza egokia eta duina ziurtatzeko bidea landu beharko da. Baina azken bi horiek ez dira ongi bideratuko, harrera eraginkortasunez ez bada egiten.

Harrera horretan, eskola komunitate osoa hartu beharko da kontuan. Hainbat parte hartzaile egongo dira, bakoitzak bere rola izango duena. Beraz, hizkuntza harrera diseinatzerakoan, parte hartzaile guztiak hartu beharko dira kontuan:

  • Irakasleak eta irakasleen klaustroa
  • Gurasoak eta guraso elkartea
  • Atzerritik etorritako ikaslea eta bere familia
  • Bertako ikasleak
  • Eskolako langileak

Ikastaro honen bitartez, beraz, honako eduki hau landuko dute irakasleek:

  • Harrera zer den, hizkuntza harrera egitea zer den
  • Harrera egiteko oinarrizko ezagutza, sistematizazioa
  • Harrera plan baten diseinua
  • Harrera planean hizkuntzaren ikuspegia nola txertatu
  • Hizkuntza harreran eskola komunitatearen partaidetza nolakoa izan behar den.

 

Izen emate data: 
Astelehena, 2014, Ekaina 2-tik Asteazkena, 2015, Iraila 2-ra
Hasiera - bukaera data: 
Astelehena, 2014, Iraila 1-tik Asteartea, 2015, Ekaina 30-ra
Ikastolan bertan.
Oharrak: 

Ikastaroa Mikel Barriosekin lotu (mbarrios@ehi.ikastola.net)

Ikastaroaren formatua: 
Ikastaroa
Ziurtagiri zenbakia: 
411
Ikastaro zerrendara itzuli