Bigarren ekitaldian ere, ikastoletako ikasleek lortu dute 300 sarreratik gora sortzea Txikipediarako

Bigarren urtez jarraian, Ikastolen elkarteak eta Euskal Wikilarien Elkarteak Txikipedia edukiz elikatzeko 'NIK, ZUK, GUK… 300 bai?' egitasmoa aurrera eraman dute, euskarak eta euskal kulturak sarean duen presentzia areagotzeko eta parte-hartzaileen artean konpetentzia digitalaren garapena sustatzeko. Euskal Herriko hemezortzi ikastolatako ikasleek hartu dute parte, eta bete dute, bete dutenez, jarri dieten erronka. Guztira, 308 sarrera berri osatu dituzte, Txikpedia handiago bihurtuz.

2022ko helburu nagusia emakumezkoen biografiak, bereziki kirolarienak, osatzea izan da informazioaren aroa den honetan informazio hori euskaraz ere eskura egon dadin. Informazioaren garaian bizi garen arren, euskaraz informazioa aurkitzeko zailtasunak agerikoak dira, eta ondorioz, gure hizkuntza gutxituak sarean duen egoera ere bai. Ondare kulturalaren zabalkunderako apustua dugula esan dezakegu, eta ez hori bakarrik, gaur egungo gazteen ohituretara hurbilduz, hauek egoeraren kontzientzia har dezaten ere bilatzen baitu erronka honek.

Erronka urtarriletik martxora bitarte garatu da, eta tokian tokiko emakumeei edo Euskal Herriko emakumeei ikusgarritasuna ematen ahalegindu dira ikasleak. Historiako parte diren baina gutxi ezagutzen diren edota sarean presentzia txikia duten emakumeen biografiaz osatu nahi dugu Txikipedia. Arlo ezberdinetako emakumeak aukeratu diren arren, bigarren ekitaldi honetan emakume kirolariei eman nahi izan zaie lehentasuna.

Hauek dira ekimenean parte hartu duten Euskal Herriko 18 ikastolak:

 

· Abusu (Bilbo)

· Aita Larramendi (Andoain)

· Ander Deuna (Sopela)

· Andra Mari (Zornotza)

· Armentia (Gasteiz)

· Assa (Labarka)

· Asti Leku (Portugalete)

· Betiko (Leioa)

· Elgoibar Ikastola (Elgoibar)

· Kirikiño (Bilbo)

· Laskorain (Tolosa)

· Lautada (Agurain)

· Lizarra ikastola (Lizarra)

· Orio (Orio)

· Paz de Ziganda (Atarrabia)

· San Nikolas (Algorta)

· Txintxirri (Elorrio)

· Uzturpe (Ibarra)