"Azterketak euskaraz!" aldarrikatu dugu ikastoletan
Ikastolen Elkarteak luzatutako deiari jarraituz elkarretaratzeak egin dira ikastoletan, Iparraldeko ikasleei eta ikastolakide guztiei babesa agertzera, Brebeta eta Baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde aurrera eramaten ari diren aldarrikapenarekin bat egitera eta auzi hau guztiona dela ozen esatera. Goizean, eguerdian eta arratsean egin dituzte bilkurak Euskal Herriko ikastoletan. Hauxe duzue elkarretaratzeetan irakurri den testua.
AZTERKETAK EUSKARAZ!
Gaur hemen bildu gara, gure ikastolan eta Euskal Herriko gainerako ikastoletan, Iparraldeko gure ikaskideei eta ikastolakide guztiei babesa agertzera, Brebeta eta Baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde aurrera eramaten ari diren aldarrikapenarekin bat egitera eta kontu hau guztiona dela ozen esatera.
- Frantziako hezkuntza ordezkarien jarrera oso kezkagarria da. Gure ikaskideek ez dakite oraindik zein hizkuntzatan egingo dituzten Baxoaren probak, ezta Brebetarenak ere. Are kezkagarriagoa da, orain arte euskaraz egin dituzten zenbait proba ere frantsesez egitera behartuko dituzten beldur baikara.
- Erabakia hartzea atzeratzen ari dira, eta horrek ez du batere itxura onik. Ez dugu onartuko, halere, atzerapen hori aitzakia gisa erabili eta probak euskaraz egin ahal izateko antolaketarako denborarik ez dutela izan argudiatzea probak frantsesez egitera behartzeko.
- Guretzako ez dago dudarik, azterketak euskaraz egiteko eskubidea dute gure ikaskideek, eta Brebetan eta Baxoan ez badira aurrerapausorik ematen, beren eskubideak errespetatuak izan arte borrokatzeko prest gara gu ere.
- Gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu, gure ikaskideen aldarrikapenarekin bat egin eta frantsesez eginiko probak zuzentzeari uko egiteagatik zigortu dituzten irakasleei.
- Era berean, Iparraldeko ikastoletako guraso, langile eta ikasleei Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu, eta erakutsi Frantziako hezkuntza agintariak ez direla ari Seaskaren aurka soilik, ikastola mugimendu guztiaren aurka baizik.
- Halaber, erakundeei, alderdi politikoei eta gainerako eragileei ere dei egiten diegu. Hau euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da. Ikastola guztiak bat eginda gaude eraso honi aurre egiteko, baina erakunde, alderdi eta gainerako eragileek ere badute erantzukizuna.
- Amaitzeko, euskal gizarteari ere dei egiten diogu, Seaskako komunitateak herritarren hatsa izan dezan, Frantziako Hezkuntza agintariak ohar daitezen ez dugula onartuko gure ikaskideei azterketak euskaraz egiteko eskubidea ukatzea eta prest gaudela borrokatzeko gure hizkuntza eskubideak errespetatuak izan arte.