Abian da 2021ko Kilometroak jaia
Eguraldia oso lagun izan ez badugu ere, martxan da Kilometroak jaia Goierrin, Beasain, Lazkao eta Ordizian. Beasaingo ikastolak, Lazkaoko San Benitok eta Ordiziako Jakintzak elkarrekin antolatu dute Gipuzkoako ikastolen jaien aurtengo ekitaldia, eta Jakintza ikastolaren frontoian egindako ekitaldiarekin eman diete hasiera Kilometroei.
Hiru ikastolen arteko elkarlana azpimarratu dugu ekitaldi honetan, Covid 19 koronoabirusaren ondorioz ezohiko moldaeran eginik ere, Goierriko hiru ikastolen arteko sinergiari esker eutsi egin ahal izan baitzaio euskarari eta euskal kulturari eskaintzen zaien plaza honi.
Hasiera ekitaldi honetan hitza hartu dute hiru ikastoletako lehendakariek (Leire Luengo, Ainhoa Garin eta Iker Estensorok), hiru herrietako alkateek (Adur Ezenarro, Leire Artola eta Kepa Zubiarrainek), Gipuzkoako Foro Aldundiko Gobernantza Diputatu eta bozeramaile Eider Mendozak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Nekane Artolak.
Azken honek aurten ere Kilometroei eutsi ahal izateko hiru ikastolen lana goraipatu du, eta hiruek erakutsitako lanerako eta elkarlanerako prestasuna nabarmendu du. “Ikastolen mugimendu bizia behar dugu Kilometroak urte luzez iraun dezan”. Mugimendu bezala, gaineratu du Artolak, ikastolek fokua hiru gunetan jarriak dituztela:
- Euskararen eta euskal kulturaren berrindartzean. Horretarako, hizkuntza ereduak alboratu eta murgiltze eredua ezartzera dei egin du Euskal Herriko ikastetxe guztietan.
- Euskal Hezkuntza Sistema propiorako bideak urratsak egitean. Honi dagokionez ongietorria egin die Hezkuntza Hitzarmenerako Eusko Jaurlaritzatik, alderdietatik eta hezkuntza eragileen aldetik martxan diren ekimenei.
- Ikasleengan. Horiek baitira ikastolen ardatz.
Goizeko ekitaldi honetan San Benito ikastolako eta Beasaingo ikastolako ikasleek ere parte hartu dute, eta dantza saio bana eskaini dituzte ikusleen begi gozagarri. Belarriak ere gozatu dizkiete, berriz, Jakintza ikastolako ikasleek kantatu dituzten bertsoekin.
Saioa Izaro Iraetak eta haren alabak gidatu dute.
Datorren urtean, Ibarran
Goizeko ekitaldiari amaiera emateko, Kilometroak jaiaren lekukoaren aldaketa ere egin da. Aurretik Goierriko hiru ikastoletan barrena ibili da lekukoa: Lazkaotik hasi, eta, Beasaindik barrena, Ordiziara iritsi da. Jakintza ikastolara iritsi denean, berriz, Ibarrako Uzturpe ikastolako komunitatearen ordezkariei pasa zaie lekukoa, haiek antolatuko baitute Kilometroak jaiaren 2022ko ekitaldia.