Eskolatik Plazara saioak, asteburu honetan ETBko Hitzetik Hortzera-n
2020an Euskal Herriko Eskolartekoaren finalik ezin izan zenez egin, bertsolari gazteentzat aukera eta opari izan diren hiru saio antolatu dituzte Bertsozale Elkartearen eta Ikastolen Elkartearen artean. Batetik, mikrofonoan norbere ahalmena probatzeko aukera eta, bestetik, bertsolari handiak ondoan izatearen oparia.
Jendaurrean jarduteko beste era bateko aukera eskaini zaie, beraz, bertsolari gazte finalistei. Eskolatik Plazara izena izan duen ekimenak Gernika-Lumon, Iruñean eta Altzon izan du pausalekua. Hiru saiootan banatuta kantatu dute finalerako izendatuta egon ziren bertsolariak, saio bakoitzean goi-mailako bi bertsolari lagun zutela oholtzan.
Honako hauek izan dira plazan izan diren bertsolari gazteak: Aitor Ugarte, Aner Peritz, Bittori Elizalde, Ekhiñe Zapiain, Eukene De Los Aires, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Naia Arrizabalaga, Irune Basagoiti eta Leire Vargas.
Hitzetik Hortzera telebista programa aritu da saioak grabatzen eta bertsoaldirik oneneak otsailaren 27an eta 28an ikusi ahal izango dira ETB1en. Eta saio berean Mikel Mendizabal eta Juanjo Respaldizari egindako elkarrizketa ere eskainiko dute. Elkarrizketa, bertsolaritza irakaskuntzara eramatean Ikastolen Elkarteak izandako aitzindaritasunaren ingurukoa izango da.
Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1en, eta edonoiz, EITB Nahieran atarian