Ikastolen 2020ko Ohiko Batzar Nagusia
Aste honetan, urriaren19an, Ohiko Batzar Nagusia ospatu dugu ikastolok, Andoaingo Bastero aretoan, ezohiko datetan, ekainean egin beharrekoa baitzen, baina pandemiaren eraginez hilabete batzuk atzeratu behar izan genuen. Egoera berezia izanik, ikastolen parte-hartzeak ere behera egin du, baina 111 ikastoletatik 79ren ordezkariak bertaratu ziren.
2019ko gestio txostena, ekitaldi horretako irabazi/galeren banaketa, 2020ko aldizkako kuota, 2020ko hasierako derrigorrezko ekarpena eta Artezkaritza Kontseiluaren berriztapen partziala eraman ziren bozetara, eta guztiak onartu ziren ia aho batez. 2020ko aurrekontuak ere aurkeztu ziren batzarrean.
Urte oso berezi eta gogorra izaten ari da guztiontzat 2020a. Osasun krisi honek gu denon bizitzan eta askoren osasunean ez ezik, ikastolen eta Ikastolen Elkartearen jardunean, ikastolen jaietan, gure aisialdi programazioan, harremanetan eta ekonomian gogor jo gaitu. Ziurgabetasuneko une zailak bizi ditugu, eta galdera eta zalantza gehiago ditugu, erantzun eta irtenbideak baino.
Erabaki asko hartu behar izan ditugu denbora oso laburrean, eta batzarrean esan zen bezala, urrats batzuk ez genituzke berriro errepikatuko edo beste modu batera egingo genituzke errepikatu beharko bagenitu, baina uste sendoa dugu hilabeteotan erantzun oso duina eman dugula ikastola guztiok. Zentzu honetan, ikastola mugimendu guztiak elkarrekin eta elkarlanean egin duguna zoriontzeko modukoa da.
Egoera orokorretik azpimarratu behar dugu iaztik hona berritu direla Euskal Herriko erakunde nagusiak, eta, beraz, hiru lau urteetan egonkortasuna egongo da Nafarroako Gobernuan, Euskal Elkargoan eta Eusko Jaurlaritzan. Horrek esan nahi du erakunde horiekin hobeto edo okerrago moldatu, gutxienez beste aldeko interlokuzioaren ziurgabetasunik ez dugula edukiko, krisiaren erdian Eusko Jaurlaritzarekin gertatu zaiguna ez errepikatzeko.
Ikastolen Elkartearen diru kontuak doitu eta egoera berrira egokitu behar izan ditugu, baina azpimarratzekoa da, eta baita zoriontzekoa ere, denboraleari aurre egiteko gai izan garela, eta datorren urteari begira ere, aurtengoa okertzen ez bada, egiteko moduan izango garela.
Ikastolen VII. Batzarraren prestaketa lanei ere ekin diegu aurten, eta pandemiak eragindako parentesi luze bat ezarri behar izan badiogu ere, udazken honetan berrekin diogu udaberrian geldiarazitako bideari.
Batzar horretarako proposatu dugun plan estrategikoaren zirriborroak batzar horren onespena beharko du, noski, baina bertan aipatzen diren hainbat punturi heldu diegu dagoeneko, uste sendoa baitugu horiek aurrera atera behar direla eta, ondorioz, martxan ere jarri behar direla aurretik, edo hobeki esan, sakontzen jarraitu behar dugula.
Guztiarekin, ziurgabetasun handiko urtea ari gara igarotzen, eta halatsu izango da heldu den urtea ere. Konfiantza dugu lantalde osoan eta ikastola komunitate guztian. Elkarrekin eta elkarlanean arituz moldatuko gara sasoi honetako erronka guztiei behar bezala erantzuten, eta jarriko gara berau igaro ostean etorkizunak planteatuko dizkigun beste erronka batzuk irudikatzen eta berauei erantzuteko prestatzen.