ElkarMaker proiektua finalista, STEAM Euskadi sarietan
STEAM Euskadi sarien epaimahaiak Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak elkarlanean garatu duten ElkarMaker proiektua hamabi finalisten artean aukeratu du, gazteen artean STEAM gaietan ekintzailetza sustatzeagatik. ElkarMaker-ek interkooperazioa sustatzen du hezkuntza maila ezberdinen artean funts teknologikoko eta ingeniaritzako proiektu bat garatzeko urte batez.
Sormena, arriskuak hartzeko gaitasuna, elkarlana eta pertseberantzia eta konstantzia dira ElkarMaker-en bitartez lantzen diren gaitasunak. Ekimenaren ardatza, berriz, elkarlana da, bai heziketa maila ezberdinen (LH, DBH eta Ingeniaritza), bai errealitate sozio enpresarialaren artean, izaera teknologikoko proiektuen esparruan. ElkarMaker-ek STEAM arloetan (ingeleseko siglak dira Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika adierazteko) izaera ekintzaileko jarrerak indartzea du helburu. Beronen bitartez, helburu hauek bultzatu nahi dira:
- STEAM ikas-arloen bokazioa sustatzea, sormen esperientziaren bidez.
- Hezkuntza etapa ezberdinen eta errealitate sozio enpresarialaren arteko kooperazioa bultzatzea.
- Teknologia alorrean, sormen-pentsamendua garatzea, ikasleen beharren, gaitasunen, emozioen, nahien edo abilezien aniztasuna integratuz.
- Ekintzailetza gaitasunaren garapenean laguntzea.
- STEAM ikas-arloetan estereotipoak eta genero rolak gainditzeko asmoz, erreferente positiboak eskaintzea.
Bederatzi ikastola ari dira parte hartzen ElkarMaker proiektuan:
- Azpeitiako Ikastola
- Elorrioko Txintxirri,
- Orioko Herri Ikastola
- Donostiako Zurriola
- Durangoko Kurutziaga
- Santurtziko Bihotz Gaztea
- Oiartzungo Haurtzaro
- Altsasuko Iñigo Aritza
- Aguraingo Lautada
STEAM Euskadi sariak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Departamenduaren eta Innobasque Euskal Berrikuntza Agentziaren ekimenez sortu dira, eta aurtengoak dira lehenak. STEAM sarien helburua da STEAM hezkuntza sustatzen duten ekimenak nabarmendu eta bistaratzea euren emaitzak, eragina eta berrikuntza maila aintzat hartuz. Halaber, STEAM hezkuntzara neska eta emakume gazteak erakartzeko ahalegina ere oso kontuan hartzen dute.
Epaimahaiak hamabi finalista hautatu ditu, horien artean dago ElkarMaker, aurkeztu diren 133 hautagaitzen artean. ElkarMaker ekimenak, finalista izateaz gain STEAM Euskadi zigilua jaso du, lehen fasean sailkatutako ekimenei emana.
ElkarMaker proiektutik kanpo, Axular eta Arizmendi ikastolek ere STEAM zigilua eskuratu dute, berek landutako proiektuen bitartez.