Ikastola Aldizkaria, 238. zenbakia
Kaixo, ikastolakide
Mezu honekin batera, IKASTOLA aldizkariaren 238. zenbakia igortzen dizugu, eta zure komunitatean zabaltzeko eskaera egiten dizugu. Ohi ez bezala jaso duzu, paperean beharrean, digitalki egitea erabaki dugulako, bizi dugun ezohiko egoera honek behartuta. Ohi ez bezalako zenbakia ere bada, monografikoa baita; gai bakarra hautatu dugu gure bizitzak zeharo aldatu dituen pandemia honek ikastolen komunitatean nola eragin digun, beroni aurre egiteko zer bide egin dugun eta aurrera begira zer egingo dugun jorratzeko. IKASTOLA aldizkariaren zenbaki honetarako Aritz Trueba ilustratzaile eta lankideari eskatu dizkiogun marrazkiak erabili ditugu azala eta barneko orrialde zenbait irudiz hornitzeko.
Covid 19 koronabirusaren pandemiak gure bizitzak astindu dizkigu, baina, era berean, gure bizitzari buruz gogoeta egiteko ere balio izan digu; gure balioak, gure lehentasunak, orain artekoa eta hemendik aurrerakoa aztertzeko eta haiei buruz hausnartzeko balio izan digu. Hezkuntzari dagokionez ere gogoeta sakona egiteko balio izan digu: hartutako neurriez, haien eraginkortasunaz, aurrera begirakoaz… Garrantzitsuena dena elkarrekin eta elkarlanean egin dugula, elkartasunaren eta auzolanaren bitartez.