Arabar Errioxako ikastolen agerraldia, Gasteizen

Arabar Errioxako ikastoletako (Assa, Bastida eta San Bizente) eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek agerraldia egin dute, gaur, Gasteizen, eskualde horretako ikastolak, eta bereziki Oiongoa, jasaten ari diren kanpaina salatzeko. Arabar Errioxako hezkuntzaren erpinak azaldu dituzte, eta kanpainak kanpaina, euren lanean tinko jarraituko dutela adierazi dute. Agerraldian Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, eta San Bizente ikastolako lehendakari Mikel Garrido eta zuzendari Arturo Lopez de Lacallek hartu dute hitza, baina bertan izan dira, baita ere, Assako eta Bastidako zuzendariak, eta San Bizente ikastolaren guraso sortzaile zenbait.

Hemen dituzue, hurrenez hurren, Koldo Tellituren hitzak eta San Bizente ikastolako ordezkarienak.

KOLDO TELLITUREN HITZAK

Assa, Bastida eta San Bizente ikastolak ditugu ikastolen mugimenduko tokiko ordezkariak Arabar Errioxan. La Puebla de Labarkan, Bastidan eta Oionen, zehazki, baina beste herri batzuetako ikasleentzako ere ateak irekiak ditugu, eta gurekin ditugu. Berrogei urtez aritu gara lanean, eta luzaro irauteko asmo sendoz jarraitzen dugu, Arabar Errioxa euskalduntzeko, eta bertako herritarrei hezkuntza zerbitzu euskalduna, kalitatezkoa, aurreratu eta aurrerakoia eskaintzeko.

Zein da egungo errealitatea Arabar Errioxan? Lehen aipatu dizuedan argazkia erakutsiko dizuet. Horrela, Eustaten 2017-18 ikasturteko datuetara jo ezkero hau ikusten da:

Haur Hezkuntzatik Batxilerreraino matrikulatuta zeuden 2.063 ikasleetatik 1.030 zeuden D ereduan, eta horietatik 876 ikastoletan. Errealitatea hori da. Ikastolak gara uneotan, Arabar Errioxan 0-18 urte bitarteko ikasleak euskarazko eredu integralean eskolatzen dituzten ikastetxe bakarrak.

Sare publikoak D ereduan duen eskaintza ia sinbolikoa da: 154 ikasle ditu, eta horietatik 104 Haur Hezkuntzan, Eustaten datuei jarraiki: Lantziegon, Oionen, Bastidan, Guardian, Samaniegon eta Eltziegon. Hortik gorako etapetan sare publikoak Lantziegon bakarrik du D ereduko eskaintza: 50 ikasle Lehen Hezkuntzan. Lantziegoko ikasle hauek Assa ikastolara datoz DBH eta Batxilergoa egitera.

Arabar Errioxako gainontzeko 1.033 ikasleak B eta A ereduetan ari dira.

Hori da, datuetara joz, ikus daitekeen argazki orokorra. Halere, ez dugu gaizki ulertzerik nahi: ez gara D ereduaren monopolioa aldarrikatzen ari; aitzitik, sare guztietan hizkuntza ereduak kendu eta murgiltze eredua ezartzea nahi dugu.

Baina beste argazki bat ere erakutsi nahi dizuegu, egunero ikastera herri batetik bestera joaten diren haurrena. Lapueblako ikasleentzat Eusko Jaurlaritzak autobus zerbitzu bat, doakoa, dauka, aldameneko Guardiara, A edo B ereduan ikastera joan daitezen. Aldiz, Assa ikastolan ikasten duten Guardiako, Lantziegoko edo beste edozein herritako ikasleen familiek euren poltsikotik jarri behar dute dirua Lapueblara iristeko. San Bizente eta Bastida ikastoletan ere berdin gertatzen da.

Alegia, A edo B ereduan ikasi nahi dutenentzako autobus zerbitzua doakoa da. Murgiltze eredua aukeratu dutenentzako, ordea, ez.

Hori duzue oraingo eta betiko argazkia. Horrela jardun dugu 40 urteotan, eta ez dugu amorerik eman, eta lanean dihardugu. Berrogei urteotan egindakoaz harro gaude. Ez dugu ibilbide erraza izan; ez da samurra orain ere. Baina ideia bat, helburu bat, argi eduki dugu: Arabar Errioxa euskaldundu nahi dugu; Arabar Errioxan euskara biziberritu nahi dugu.

Duela berrogei urte, orduko familiek euren seme-alabentzako etorkizun euskalduna ereiten hasi zirenean, Arabar Errioxan euskararen ezagutza maila hutsaren hurrengoa zen. Beste argazki bat erakutsiko dizuet. Hau ere Eustaten datu-basean egindako kontsultatik ateratakoa da. 1981eko inkesta soziolinguistikoaren arabera, eskualde honetan herritarren %0,86 ziren euskaldunak, eta ia euskaldunekin batera, %2,54 ziren. 2016ko datuen arabera, Arabar Errioxan euskaldunak %22,6 dira eta ia euskaldunekin batera %42,29.

Arabar Errioxako hezkuntza egoera hori izan da urteotan, eta hori da orain ere. Gure helburua arestian aipatutakoa da, eta izaten jarraitzen du, eskualde honetako betiko familiekin bezala, etorri berriekin ere.

Orain, Oionen sua piztu dute, ikastolaren aurkako kanpaina abiatu dute, ez omen ditugulako atzerritar jatorriko ikasleak hartzen, eta, gainera, euren umeak etorri berriekin nahastu nahi ez dituzten gurasoen babesleku bilakatu omen garelako. Kanpaina horren probokazioan ez gara eroriko, eta ez gaituzte gure konbentzimenduetan eta gure lanean pauso bat atzera ematera behartuko. Gure euskal eredua aurrera eramaten jarraituko dugu

Gainera, argazkiari begiratzen badiogu bestelako irudi bat ikusten dugu guk. Esku artean ditugun datuen arabera, joan den ikasturtean atzerritar jatorriko 36 ikasle bideratu zituen Arabako Eskolatze Batzordeak Oiongo bi ikastetxeetara: 29 Ramiro de Maeztura, eta 7 San Bizente ikastolara. 36 ikasle horietatik 11 bideratu zituzten D eredura: lau Ramiro de Maeztura eta zazpi ikastolara. A eredura 11 bideratu zituzten, eta B eredura 14. Bastidan, 11 ikasle bideratu zituzten bi ikastetxeetara. Zazpi ikastetxe publikora (B eredura) eta lau ikastolara. Eta Lapueblara, gure ikastola da ikastetxe bakarra, bost ikasle bideratu zizkiguten.

Aurtengo ikasturtean, zifra zehatzak ez dakizkigu; dakigun bakarra da, oraingoz zazpi ikasle bideratu dizkigutela Oiongo ikastolara eta hiru Bastidako ikastolara. Assa ikastolara, berriz, bi bideratu dizkigute.

Ikasle horiek matrikulatzeko orduan dagoen desoreka handiaren erantzuleren bat izendatu behar bada, ez gaitzatela gu seinalatu. Hau guzti hau Arabako Eskolatze Batzordeak ikasle hauek eskolatzeko dituen irizpide okerrek eragin dute. Gai hau ulertzeko funtsezko datu bat gogorarazi nahi dizuegu: ikasle hauek ia denak matrikulazio epetik kanpo iristen dira Euskal Herrira, eta, ondorioz, haien familiek ez dute erabakitzen non matrikulatu, baizik eta lurralde bakoitzeko Eskolatze Batzordeek. Eta Arabako Eskolatze Batzordeak oso era desorekatuan egiten du egiteko hori, eta, gainera, ikasle horietako asko A eta B ereduetara bideratzen ditu, Arabar Errioxan bereziki, eman dizkizuegun datuetan ikus daitekeen moduan.

Leporatu izan digute guk gelak topera betetzen ditugula, matrikulazioz garaitik kanpo etorritakoei ateak ixteko. Bada, gaur, 2019-20 ikasturtean, hauxe da Arabar Errioxako egoera:

San Bizente ikastolan, 53 leku libre ditugu: Haur Hezkuntzan, 25; Lehen Hezkuntzan, 22 eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 6.

Bastida ikastolan 74: Haur Hezkuntzan, 28 eta Lehen Hezkuntzan, 46.

Assa Ikastolan 168: Haur Hezkuntzan, 20; Lehen Hezkuntzan, 42; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 63 eta Batxilergoan, 43.

Guk behin baino gehiagotan esan dugu prest gaudela dagokigun proportzioan hartzeko matrikulazio garaitik kanpo datozen ikasleak. Prest gaude, nahi eta behar ditugu, eta behartuta gaude hartzera. Eta etxeko lanak egin ditugu horretarako, harrera planak eguneratuz, eta ikastola askotan lehendik genituen beka sistemak gaurkotuz eta ikastola guztietan ezarriz.

Oiongo, Arabar Errioxako eta Euskal Herriko hezkuntza komunitateari esan nahi diogu desoreka honek eta beronek eragindako ondorioek irtenbidea badutela, eta posiblea dela irtenbidea ematea. Esan dugu etxeko lanak egin ditugula, baina norberak etxeko lanak egitearekin ez da aski, eta behar dira guztion artean plan zehatzak eta integralak adostea. Honen inguruan gure proposamena hauxe da:

• Matrikulazio garaitik kanpo eskolatzearen aurrean, eskolatze batzordeetan hezkuntzako eragile guztiok parte hartzea eta egun erabiltzen dituzten irizpideak aldatzea.

• Eremu berdinetan dauden ikastetxeen arteko oreka eta baliabide berezien politika ezartzea.

• Ikastetxe hautaketa: herritar guztien aukera berdintasuna (baldintza berdinetan) eta ikastetxea hautatzeko eskubideak bermatzea.

• Hizkuntza ereduak desagertzea eta ikastetxe guztietan murgiltze eredua ezartzea, atzerritar jatorriko ikasleak euskaratik eta euskaraz integratzeko. Hau ezinbestean ikusten dugu, bereziki Araban eta zehazki Arabar Errioxan.

• Udaletxeen parte hartzea; segregazioaren arazoa ez delako bakarrik hezkuntzarena. Harrera plan integralak behar ditugu herri eta eskualde mailakoak

Gai honi irtenbide egoki bat emateko, bizikidetzan ere eragina izan duen egoera iraultzeko, eta Arabar Errioxa euskalduntzeko elkarlanerako prest gaude, beti egon gara eta egoten jarraituko dugu, beste eskolekin eta euskalgintzako beste eragileekin. Gainerakoa, gaia aitzakiatzat erabilita baina beronekin zerikusirik ez duen helburu bat lortzeko kanpaina maltzur batekin lotzen dugu.

 

SAN BIZENTE IKASTOLAKO ORDEZKARIEN HITZAK

Badirudi Oinen dagoen hezkuntza egoera denen ahotan dabilela azkenaldi honetan. Hori ez litzateke berri txarra izango  hezkuntza hobetzeko asmorik balu azken xede, ikasle guztientzat onura eta inoren kalterako ez.

San Bizente ikastolatik, ordea, gure irudia gaiztotuta, manipulatuta eta motiborik gabe eraso egin digutela ikusi dugu. Informazioa bide okerretik, ikuspuntu alderdikoi batetik eta guretzat ulergaitzak diren helburuekin erabili izan da. Izan ere, guk BETI eskaini izan dugu geure burua Oionen hezkuntzan dagoen arazoari konponbidea errazteko, eta inola ere ez, gu arazoaren parte edo kausa bagina. Horrela jokatu dugu oraingoan eta daramatzagun berrogei urteetan zehar ere bai.

Bestalde, jakinaren gainean gaude zer nolako bereizte edo segregazio egoerak pairatzen ari diren Euskal Herriko ikastetxe askotan, eta baita Oionen ere,  eta gai honen inguruan, gure babesa eta errespetu osoa duzue.

Halere, hainbat alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkarik San Bizente ikastola kritikatu dute, eta behin eta berriro hauxe errepikatu dute: itunpeko ikastetxe bat izatea eta kooperatibistek ordaintzen dituzten borondatezko kuotak direla segregazio honen jatorria. Gu ez gatoz bat honekin inondik inora, horregatik orain azalduko dizuegu nola, zergatik eta zertarako den gure hezkuntza kooperatiba.

IBILBIDEA

1979an guraso talde batek kooperatiba bat sortu zuen, San Bizente Ikastola  sortzeko. Oionen gure hizkuntza, euskara, eta euskal kulturari buruzko kezkak eta premiak bazeudelako eta horiei erantzun nahi zitzaien.

Alde batetik,  kooperatibista izateak badauzka  eskubiderik eta, jakina, baita betebeharrik ere, edozein kooperatiba edo elkartetan bezala. Hau dela eta, gure ikastolan dugun  borondatezko eta elkartasunezko izaeraz harro gaude, esan bezala, berrogei urte daramatzagu euskara eta euskal kulturaren alde lanean.

Bestetik, gizarte lana ere bada, eta honi esker  Errioxa eta Nafarroako dozenaka ikasleri  euskaraz ikasteko aukera ematen zaie, aukera paregabea ikastolari esker. Kasu hauetan kooperatibisten gain doa garraioa, jangela, haurtzaindegia eta hainbat gastu, eta denak elkartasunez,  gure kuotekin ordaintzen dira, hau baita, azken finean, kuoten helburua, eta ez beste bat. Denok ulertu eta onartzen dugu hori kooperatibaren lanetako bat dela. Urte askoan horrela izan da eta horrela  jarraituko du izaten.

EUSKO JAURLARITZAREN FINANTZIAKETA

San Bizente Ikastola ITUNPEKO hezkuntza kooperatiba da, beraz Eusko Jaurlaritzatik datorkio diru sarrerarik nagusiena, %70a, zehazki esateko. Honek zera esan nahi du: haien borondatez, Oiongo ikastolan seme-alabak, matrikulatzen dituzten kooperatibistek geratzen den  %30ari aurre egiten diotela.

Aurreko guztiak ez du esan nahi familia batek bere umea ikastolan matrikulatu nahi badu, ezin duela  egin kuotak ordaintzen ez baditu:  gure ateak denontzat daude irekita, beti egon dira irekita (orain dela 8 urte ere irekita zeuden arazoak izan genituenean ratioak betetzeko, eta inor ez zen gogoratu ikasleen banaketa bidezkoa egiteaz). Horrela jarraituko dugu, hots, familia bakoitzak ahal duena jartzen eta ahal duen moduan,  ez da nahitaezkoa modu ekonomikoan izatea. Hauxe da, eta ez beste bat, gure kuoten helburua. Ildo honetan jarraituz, esan dezakegu kuota hauek ez direla elitistak (egun 40€ hileko), baina ezinbestekoak zaizkigu egunero ikastola martxan jartzeko.

KONTZESIOAK ETA UDAL FINANTZIAKETA

Gizarte lanarekin bukatzeko, behin eta berriro ateratzen den   gai mingarri bat azaleratu nahi dugu. Gure kontra eraman nahi izan da eta, era berean, herriaren kontra, izan ere, gu gauden eraikinak udalarenak dira, beraz, mantenuak udalarena behar du, beste udal-eraikinetan bezala. Ikastolak, gainera, azken 20 urteetan DBHko eraikinaren erdia berritu du kooperatibisten kuotekin. Horrez gain, erabilera askotariko/jangela eraikin berria egin du eta guzti-guztia kooperatibistek hilero jarritako diruarekin ordaindu da, eta eraikin hori gaur egun Oiongo udalarena da. Aurreko denari gehitu diezaiogun bai gurasoek, bai irakasleek larunbatetan egindako auzolanak konponketa txikiak eta hobekuntzak aurrera eramateko.  ESKUZABALTASUN OSOZ. Eskerrik asko, San Bizente!!!

ONDORIOAK

Sanbizentetarrok ulertzen dugu sare publikoak, itunpeko sarearekin gertatzen den bezala, erantzunak behar dituela gaur egun daukan egoera latza konpontzeko. Ondorioz, guk gure borondatea azaldu nahi dizuegu gure esku dagoen guztiarekin babestu eta lagunduko dugula Oiongo hezkuntza komunitatea ahal den neurri handienean sendotzeko. 

Hala eta guztiz ere, guk ez dugu ahaztuko nor garen eta zein den gure eginkizuna San Bizente Ikastolan.

Bukatzeko onartzen dugu batzuetan erabaki okerrak har genitzakeela, errare humanum est, baina begi bistan dago gure proiektua guztiz baliagarria dela, ikasturte honetan 300 ikasle baino gehiago ditugu, eta 40urteko ibilbidean ehunka ikasle erdaldun sartu dira gure ate gorritik eta euskaldun irten. Halaber, azpiegitura berriak eraikitzen ditugu,  eta, zalantza izpirik gabe, Arabako Errioxan dagoen gizarte aldaketako eragile garrantzitsuenetako bat gara euskararen ezagutzaren eta erabileraren arloan.  Horregatik, gure seme-alaben hezkuntzaren alde jarraituko dugu lanean gure neurrira egindako proiektu berritzaileak ezarriz, gure geroa eraikiz eta gure ikastolak hasieratik zuen erronkari jarraituz.