Bizipozaren jaia 2018, irailaren 29an, Errenterian
Heldu den irailaren 29an, larunbatarekin, Bizipoza elkarteak urteko jaia ospatuko du Errenterian. Ikastolak, Bizipoza elkarteko kide garen aldetik, gonbidatuta gaude egunbeteko jai horretara. Elkartearen webgunean duzue egitaraua.
Zer da Bizipoza?
Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkartez osatutako elkarte da Bizipoza elkartea. 33 elkartek osatzen dugu Bizipoza elkartea, eta denok batera, euskaraz elkartasuna sustatu nahi dugu auzolanaren bidez bizipoza nagusitu dadin gizartean. Bere Helburu nagusiak hauek dira:
• Zailtasun sozialak dituzten familiek eta gizarte-desabantaila egoeran dauden haur eta familia hauen gaiak, hots, izaera bereziko gaiak, azalaraztea ume zein heldu euskararen bidez sentsibilizatuz, eta izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkarteetan ere euskararen erabilera zabaltzea.
• Errealitate horiek lantzen dituzten elkarteei laguntza afektiboa ez ezik, eguneroko lanerako dituzten premiei erantzuteko baliabide funtzionalak lortzeko laguntza eskaintzea.
• Gizartegintzan euskaraz eta bizipozez jardun nahi duten herritarrei auzolan egitasmo eraginkorra eskaintzea, boluntario sare bat osatuaz.
Gonbidatuta zaudete, beraz, guztiok, eta, bereziki eskualdeko ikastoletako kideok!