Inklusibitaterantz: Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala
Inklusioari buruzko Ikastolen jardunaldiotan Carmen Alba Pastor gonbidatu dugu, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaz mintzatzeko. Madrilgo Complutense Unibertsitateko Hezkuntza doktoreak dotore azaldu ditu ikasle eta adimen aniztasunari erantzuteko gakoak.
Hezkuntzan IKTen erabilpena eta aniztasuna uztartuz egin du lan gehienbat Carmen Albak, eta egun Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala garatzeko Complutense Unibertsitateak daukan EducaDUA ikerketa lerroko zuzendaria da.
Beste hainbat alorretan, arkitekturan edo teknologia berrien erabilpenean, adibidez, aniztasunari erantzuteko egin diren urrats berdinak hezkuntzara eramatearen defendatzaile da Carmen Alba. Arkitekturan, esaterako, oztopo arkitektonikoak ezabatzen diren bezala, araudi bat dago gainera, hezkuntzan ere oztopo horiek ezabatu beharko lirateke.
“Egun, espazio berean eskailerak, arranpak, eskailera mekanikoak, arranpa mekanikoak eta igogailuak aurki genitzake, eta den denok erabil ditzakegu, ezintasunen bat izan edo ez. Telebistetan azpitituluak gorrentzako ezarri ziren, baina, egun denok erabiltzen ditugu une batean edo bestean. Testuak idazterako orduan ere, lehen karaktereak idatzi eta hitz osoak proposatzen dizkigute testu prozesatzaileek, edota ahozko diktaketak eta aginduak egin ditzakegu. Idatzizko testuak ahotsez entzuteko aukera ere badugu… Guztiak aniztasunari erantzuteko garatu ziren, baina egun denok erabiltzen ditugu”, azaldu du.
Hezkuntzan ere berdin jardutea proposatzen du. “Hasiera batean, aniztasunari erantzuteko ezarria zegoen sistemari moldaketak egiten zitzaizkion. Baina horrek eragiten zuen zailtasunak zituzten ikasleak beti atzetik joatea. Aitzitik, hasieratik aniztasun horri erantzungo dion diseinu bat edukiz gero, bide desberdinetatik joateko aukerak ematen dituen sistema bat garatuz gero, denak iritsiko dira helmugara”.
Zentzu horretan, IDU Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalak hezkuntzan ikusmolde desberdin bat eskaintzen duen eredu bat proposatzen du. Bidea luzea da, onartzen du Albak, elementu berriak eskatzen ditu. Zentzu horretan, IDU hezkuntza planifikatzeko eta praktikara eramateko erreferentzia marko bat da. “Planifikazio bat egitea da, aniztasunaren aberastasuna onartuz”.
Muga edo oztopo arkitektonikoak dauden bezala, ikaskuntzarako muga eta oztopoak ere badaude “ikasle arrunt” bat ez denarentzat. Muga horiek nagusiki hiru dira, Albaren arabera:
- Idatzizkoan oinarritutako eskola kultura: paperezko testu liburuak.
- Inprimatutako informaziora eta zenbait edukitara eta formatutara heltzeko zailtasunak dituzten ikasleentzako irisgarri ez diren eskola materialak
- Aniztasunetik abiatu ez den curriculum baten zurruntasuna diseinuan eta garapenean
Zeintzuk dira, orduan, IDUren gakoak?
- Baieztapen honetatik abiatzen da: ez dago erabiltzaile (ikasle) mota bakar bat, askotarikoak baizik.
- Diseinuaren hastapenetik erantzuten zaio aniztasunari (kontua ez da diseinatu ondorengo egokitzapenak egitea)
- Erabiltzaile (ikasle) guztientzat aukerak hobetzen eta areagotzen ditu
IDU garatzeko lau alor nagusi hartzen dira kontuan: neurozientziako azken aurkikuntzak, ikaskuntza prozesuak, teknologien erabilera eta hezkuntza. Alor horiek elkarlanean, diziplina arteko elkarlanean, aurrerapauso handiak eman dira. Esaterako, neurozientziaren bitartez ikusi da ikaskuntza prozesuan hiru neurona sare aktibatzen direla: sare afektiboa, ezagutzaren sarea eta sare estrategikoak. Hortik ondorioztatzen da zergatik, zer eta nola ikasten den. Eta horiek aktibatzeko eskaini behar dira askotariko inplikazio moduak, askotariko irudikatze moduak eta askotariko ekintza eta adierazpen moduak. Teknologia berriek erraztasunak eta bide askotarikoak (idatzizoak, audioak, bideoak…) eskainiko ditu, azkenik, aniztasunari erantzuteko ikaskuntza diseinu unibertsal bat eratzeko.
Laburbilduz, hauek lirateke aniztasunari erantzuteko hiru printzipio nagusiak eta haiei loturiko jarraibideak:
- Askotariko inplikazio moduak eskaintzea:
- Intereserako askotariko aukerak eskaintzea
- Esfortzuari eta iraunkortasunari eusteko askotariko aukera eskaintzea
- Auto-erregulaziorako askotariko aukerak eskaintzea
- Askotariko irudikatze moduak eskaintzea
- Pertzepziorako askotariko aukerak eskaintzea
- Hizkuntzarako, adierazpen matematikoetarako eta sinboloetarako askotariko aukerak eskaintzea
- Ulermenerako askotariko aukerak eskaintzea
- Askotariko ekintza eta adierazpen moduak eskaintzea
- Ekintza fisikorako askotariko aukerak eskaintzea
- Adierazpen eta komunikaziorako askotariko aukerak eskaintzea
- Funtzio exekutiboetarako askotariko aukerak eskaintzea