DBHko Praktika Onen I. Jardunaldia
Duela bost ikasturte hasi zen inplementatzen ikastoletan EKI proiektua, euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritutako eredu pedagogiko berri eta berritzailea. Iazko ikasturtean amaitu zen inplementazioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.
Pedagogia eraldatzailea da, eta urte batzuk beharko dira findu, finkatu eta garatzeko, baina ia bost urteko ibilbidea eginda, nabarmena da ikastoletako geletan eman den aldaketa sakona. Bide horretan geletan esperimentatzen ari diren transformazioak, jarduteko modu berriak eta praktika onak elkarrekin partekatzeko DBHko Praktika Onen I. Jardunaldia egin dute ikastolek, gaur, Hernaniko Orona Ideon.
Ehun irakasle inguru bildu dira elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko, geletan egiten ari direna partekatzeko, ebaluazio sistema berriaz hitz egiteko, EKI proiektuan biltzen ez diren alorrak EKIren bide berean nola ari diren jartzen erakusteko, inklusibitatea nola ari diren lantzen azaltzeko eta beste hainbat gai jorratzeko.
Hogeita bi gai desberdin jorratu dituzte goiz osoko jardun trinkoan. Horietatik bost gai orokorrak izan dira, irakasle guztien artean jorratu dituztenak. Beste bost gai arloz gaineko praktikak izan dira. Adierazpenaren lanketa egin dute sei gairen inguruan, eta zientziak jorratzeko beste sei gai izan dituzte.
Sarrera hitzaldian nabarmendu duten bezala, eredu pedagogikoaren eraldaketa hasi baino ez da egin. “Pedagogia aldaketak egiteko urte asko behar dira. Gelaz gela egin behar da, arloz arlo, baina denak koherentzia izan behar du. Ebaluazioak berak ere planteamendu osotua behar du”. Denak ontzi berean eta norabide berean arraunean. “Maisua hil da, taldea jaio da” esaldiarekin bat eginez, ikastola bakoitzean eta ikastola guztietan hezkuntza eraldaketaren aroa abian da.