Interneten euskara lehenesteko unitate didaktikoa garatu du Ikastolen Elkarteak
Interneten ere, lehen hitza euskaraz lankidetza-proiektua aurkeztu du gaur Ikastolen Elkarteak PuntuEUS Fundazioa, CodeSyntax eta Kontseiluarekin batera, Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko. Bihar, maiatzaren 17a, ospatuko den Internet egunaren testuinguruan kokatzen da ekimena. Agerraldi horretan aurkeztu du Ikastolen Elkarteak unitate didakktikoa.
Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren hitzak
Interneten euskaratik abiatu nahi duten guztiek badute nondik hasi eta segi. Baina, Interneterako eta sare sozialetarako edukiak, webguneak eta aplikazioak euskaraz ekoiztea garrantzi handikoa izanik ere, haren pareko garrantzia edo gehiago dauka haiek erabiltzeak, euskarak alor hori ere bereganatu dezan.
Hezkuntza eragile garen aldetik, gure haur, nerabe eta gazteei horren garrantzia azaltzeaz gainera, horiek ezagutaraztea eta erabiltzen irakastea eta Internet eta sare sozialetarako lehen jauzia euskaratik egin dezaten bultzatzea da gure asmoa, eta bakoitzak egiten duen urratsaz gain, besteek ere urratsa egin dezaten ekintzaile bihurtzera gonbidatu nahi ditugu gure ikasleak.
Xede hori lortze aldera parte hartu dugu oraingoan “Interneten ere, lehen hitza euskaraz” unitate didaktikoa garatzen.
• Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendua dago, hau da, 12-16 urte bitartekoentzat.
• Jolas eta erronka gisa planteatu dugu unitate didaktikoa.
- Hasteko, nabigatzeko orduan bakoitzak duen ohituraz hausnartzea proposatzen dugu: telefono, tableta eta ordenagailuak zein hizkuntzatan konfiguratuta duten aztertzera gonbidatzen ditugu, eta, ahal dela, horiek euskaraz jartzera.
- Ondoren erronka bat botatzen diegu; eurek egin bezala, bakoitzak beste hamar bat lagun gauza bera egin dezaten lortzea.
Azken batean, gure azken helburua da Interneten euskaraz dagoen edukiaren erabilera haztea, eta hori gu guztion esku dagoela konbentzitzea. Aurreneko urratsa erraza baita: lehen hitza euskaraz egitea Interneten.
Orain unitate didaktiko hori gure sareko ikastoletan landu dezaten bultzatuko dugu, eta, era berean, beste ikastetxe guztiak ere animatzen ditugu parte hartzera.
Intereneten euskararen erabileraren inguruko datuak
Gaur egun, webgune batean sartzen garenean, erakusten zaigun edukia gehienetan gure nabigatzailearen hizkuntzaren araberakoa da. Ondorioz, nabigatzailea edo mugikorra euskaraz konfiguratuta badago, webgunea euskaraz agertuko da; bestela, berriz, erdaraz.
Lan-talde honek sarean egin dituen neurketek diotenez, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk bakarrik dauka euskara zehaztuta nabigazio-hizkuntza bezala. Kopuru hori bikoiztu egiten da euskaldunen artean (%10 inguru), baina hala ere, oso kopuru txikia da. Internauta teknofilo eta motibatuenen artean ere, gehiengoa dira nabigazio-hizkuntza erdara daukatenak (%70-80 bitartean).
Euskaraz nabigatu ezean, webguneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko, eta, beraz, ez da euskarazko edukirik izango. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko. Horregatik, abiatu dugu nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzeko kanpaina.
Eskaera zehatza luzatu zaio gizarteari. Enpresa eta eragileei webguneetako hizkuntza lehenetsia euskara jartzeko, egun hala ez bada. Erabiltzaileei, berriz, Internetera konektatzeko gailuak eta nabigatzailea euskaraz konfiguratzea.
Gonbidapena ere luzatu da agerraldian. Bihar, hilaren 17an, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean 19:00etan egingo den ekitaldira joateko.