24. EUROCLIO Kongresua Ikastolen Elkartearen eskutik
EUROCLIO Elkarteak biltzen ditu Europako historia irakasleak eta xedea du gaur egun historia irakasteko norabideak eta urratsak konpartitzea. Europako Kontseiluaren babesean, elkar-uneak antolatzen ditu urtean zehar herrialde ezberdinetan, baita urtean behin Kongreso nagusia ere, astebetekoa; aurtengoa, hemen izan dira Ikastolen eskutik antolatuta.
Apirilaren 2an, igandearekin, elkartu ziren Donostian 32 herrialde ezberdinetako irakasleak. Goizetik Euroclioko Artezkaritza Ikastolen Etxean bildu zen eta Ikastolen Elkarteari buruz azalpen ugari parekatu zuen, baikorki baloratuz ikastolen mugimendua.
Iluntzean, Donostiako Udalean Eneko Goia alkateak ongi etorri eman zien aste oparoa desiatuz. Biharamonean Gipuzkoako Foru Aldundian Markel Olano diputatu nagusiak eta Imanol Lasak ere halaxe egin zuten. Eusko Jaurlaritza ere presente egon da, hasierako ekitaldian.
185 irakasle bildu dira lanerako astebetez. Guztira 26 tailerretan parte hartu dute, world coffee ezberdinetan, seminario eta talde lanetan... nork bere esperientziaren berri emateko aukera izan du, eta aldi berean ondokoenaz ikasteko. Azken finean Topaketa hauen helburua da elkarren berri izatea, elkar ezagutzea, besteek nola eta zer egiten duten jakitea, eta bereziki konpartitzea. Ikasmateriala ere konpartitzen da, eta esan beharra dago Ikastolen Elkartearena, Ikaselkarrena, balorazio handia izan duela berriro ere.
Donostiako Carlos Santamaria Unibertsitateko gunea izan da lan-lekua. Bertako gela guztiak bete dira aste osoan zehar, eta hango baliabideak eta bertan jasotako tratua izugarri baloratuak izan dira. Magisteritza Eskola ere erabili da lanerako, gelen beharra izan baita. Hainbat eskola eta akademia ere bisitatu dira taldeetan, hemengo hezkuntzaren berri ezagutzeko.
Positiboki harrituta izan dira Santo Tomas eta Axular Lizeoetan egindako bisitekin, gure ikastolen kalitate gorena bertatik ezagutzeko parada izan baitute. Lazkaoko San Benito Ikastolako Maite Garmendiak, Tolosako Laskoraineko Helena Larrañagak, Santo Tomaseko Amaia Lamikiz irakasleek; Ikastolen Elkarteko Harri Beobidek, Diana Lindsayk, Inma Muñoak eta Phil Ballek hainbat tailerretan EKIren berri eman diete, gure materiala eta ikasketa sistema agerian jarri baitute. Azpimarratu behar da Europarren artean jakinmin handiz hartu zutela eskainitakoa. Ikastolek euren izena eta izana ezagutuarazteko aukera ezin hobea baliatu dute.
Ikasleen presentzia ere agerian gelditu da, ez bakarrik gelatara egindako bisitekin, baita tailer presentzialetan ere, eta adibide bat jartzearren Leintz bailarako Arizmendi Ikastolako ikasleek Xabier Latorre irakaslearekin batera galdera ugari erantzun behar izan zuten aurkeztutako “Young European Parliament” hitzaldian.
Lan asko egin dute, hori baitzen helburua, baina bide batez Euskal Herriko txoko bereziak ezagutzeko aukera ere eskaini zaie. Gogora Institutuko karpa, Gernikako Bake Museoa, Bizkaiko Batzar Nagusiak, San Telmo Museoa, Albaola, EHUn kokaturiko Hezkuntza Museoa, Donostiako Kafe Antzokia, Gerra zibila garaiko Donostia... Sagardotegia, Bertsolariak, euskal musika eta dantzak, txalaparta... eta Korrika! Horietara hurbiltzeko aukera ere eman baitzaie.
Aste osoaren ebaluazioan 24. Euroclioko Kongresua izan da oso baloratua eta txalotua, onenetakoen artean. Etorritako guztien esker ona jaso da, taldean eta banakoa. Egia esanda, ikastolak pozik eta harro egoteko da Europa mailako kongresua izan baita apirilaren 2tik 8ra bikain antolatutakoa.