Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatu da
Hizkuntza eskubideak gizakiaren oinarrizko eskubideetan kokatu behar ditugu, zalantzarik gabe. Hizkuntzek komunikatzeko balio dute, baina hizkuntza errealitatea ezin zaio lotu bakarrik dimentsio komunikatiboari; hau da, hizkuntzak ezin dira kulturetatik bereizi. Hizkuntzen eta kulturen arteko harremana ukatzen denean, hiztunen eta herritarren duintasunari muzin egiten zaio. Hartara, hizkuntza aniztasunaren aldarrikapena pertsonen eskubide guztien defentsarako ekarpen gisa ulertu behar dugu.
Horrexegatik, duela bi urtetik hona Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak eta bere parte den heinean Ikastolen Elkarteak garatu duen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatzeko dinamikak tresna bat eskaini nahi izan du gorago aipatzen dugun bidean; hain zuzen ere, gizarte ongizatean eta elkarbizitzan laguntzeko ekarpena egin nahi izan dugu. Izan ere, hizkuntza komunitateekiko jardun demokratikoen bilakaerak giza baldintza guztiekiko errespetuaren bermea ekarriko baitu.
Europa osoan zehar hizkuntza komunitateak euren berezko hizkuntzetan bizi ahal izateko antolatu dira. Ehunka dira hizkuntza gutxituen garapenean, hainbat eremutatik, lan egiten duten gizarte erakundeak. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren proiektua horien bilgune izan da, Europako gizarte zibilak hizkuntza gutxituen garapenerako proposamena gauzatzean lidergoa izan dezan. Proiektu honen bidez gizarte eragileen, antolakundeen eta adituen arteko prozesu bat zabaltzea lortu dugu, hizkuntza gutxituen garapena bermatzeko behar diren neurriak zehaztuko dituten dokumentu bat osatzeko.
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (HEBP) hainbat lantaldek aurreko urteetan garatutako adoste prozesuaren emaitza da eta ikuspegi zientifikoa, akademikoa eta gizartearen ikuspegia biltzen dituena. Hizkuntza gutxituen egoera irauli eta hizkuntza komunitateen arteko berdintasunean oinarritutako Europa eraikitzeko tresna. Hortaz, proiektutik sortutako ondarea, protokoloa, nazioarteko foro eta instantzietara eramango da izaera anitzeko erakundeek hizkuntza aniztasunarekiko duten konpromisoaren arautzaile gisa erabil dezaten. Horretaz gain tresna amankomuna izateak Europa osoan gizarte eragileen arteko elkarlana sustzeko bali oizango du baian baita ere tokian toki esku artean izango dugun tresnak europako osoko gizarte eragileen babesa duela jakitun izango gara. Hori da azken finean gure indarra.
Protokoloa osatzeko, Kontseiluko kideek, Talde Antolatzailearen babesarekin Europa osoko gizarte eragileengana jo dute. Horiek egidako ekarpenek mamitu dute Protokoloa. Zein dira zure alorrean hizkuntza guxtitua garatu dadin hartu beharreko neurriak? Galdetu ziguten guri ere. Eta Ikastolak bere alorretik ekarpenak egin zituen. Izan ere imertsio eta mantentze ereduen inguruko ekarpena izan zen nagusia baina zehatzago ere jo genuen ikastetexeko langileen hizkuntza irizpideeak zeintzuk izan behar diren, irakasleen prestakuntza zein izan behar duen eta aisialdian mintegi berezia antolatu genuen arlo horretan dauden behar bereziak zehazteko, esate baterako, Protokoloak jasotzen du neurri gisa hezitzaileen formakuntza espezifikoa.
Guztira Europa osotik egindako 400 ekarpenetik gora bildu dira dokumentua osatzeko eta Batzorde zientifikoaren ekarpenei esker horiek guztiak protokolo batean txertatzea lortu dugu.
Ikastolen Elkarteak jarraipen zuzena egin dio Donostiako Protokoloari eta bere babes osoa azaldu dio une oro.
Abenduaren 17an Protokoloa aurkeztuko da Kursaal Jauregian egingo den ekitaldi batean goizeko 11:30ean. Izena ematea gomendatzen dute antolatzaileek www.protokoloa.eus webgunean doako sarrera posta elektronikora jaso ahal izateko. Ikastolen Elkarteak bere indarrak eta grina erakutsi behar ditu eta Protokoloari bultzada eman behar dio, hura izango baita datozen urteetan lan tresna garrantzitsua hizkuntza eskubideen alorrean. Horregatik Ikastolen Elkartetik ere Kursaal betetzeko deia zabaltzen dugu eta denoi deitzen diegu bertaratu daitezen.