Juan Carlos Gomezen agurra, EHIn eta Bizkaiko Lurralde Batzarrean
Juan Carlos Gomezek amaiera eman dio Ikastolen Elkartean eta Bizkaiko ikastolen ibilbidean hamasei urteotan egin duen lanari. Atzo izan zuen azken egitekoa, Bizkaiko Lurralde Batzarraren gidaritzan, eta aurreko astean, berriz, Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Batzordean. Ikastolen mugimenduaren erakundetze prozesuan pertsona aktibo eta eragile izan da Juan Carlos, eta halaxe errekonozitu diote, bai Ikastolen Elkartean zein Bizkaiko Lurralde Batzarrean, eta eskerrak eman dizkiote urteotan guztiotan ikastolen alde egindako lanarengatik.
2000. urtean hasi zen Juan Carlos Bizkaiko Ikastolen Elkartean, Urretxindorra ikastolako ordezkari lez, eta BIEko lehendakari izan zen 2007tik 2009ra bitartean. Urte horretatik aurrera, Bizkaiko ikastolen Lurralde Batzarreko lehendakari eta Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Batzordeko kide izan da. Ibilaldia Elkarteko lehendakaria izan da, halaber, 2007 urtetik, eta Urretxindorra eta Harrobiko lehendakaria ere izan da. Azken ikastola horren sorreran pertsona gakoetakoa izan zen, “ezinbestekoa”, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren hitzetan.
Ikastolen mugimenduaren gidaritza taldean egin duen etapari amaiera emanda, aurrerantzean ez du aurrean egon beharrik izango, baina, urteotan erakutsi duen prestasuna aintzat hartuta, ez da urrun ibiliko, beti bezala, ikastolen alboan egongo baita.