Ostegun honetan egingo dira JUUL 2016 LITERATURA HAUTESKUNDEAK

Hil honen izaera literarioa probestuz, apirilaren 21ean, Euskal Herriko Ikastoletan JUUL literatura-hauteskunde eguna ospatuko dugu. Haur Hezkuntza,  Lehen Hezkuntza eta DBH ikasleak izanen dira botoa  emango dutenak. Euskaraz argitaratutako liburuak eta haien egileak (idazle nahiz ilustratzaileak)  izango dira hautagai.

Hauteskunde hauek, irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko egiten diren jardueren artean kokatzen dira. Bidenabar, bozka prozesu bat zer den ikasten dute ikasleek. Benetako partaide dira ikasleak, izan ere, aukeraketa egiteaz gain, hauteskunde-mahaian lehendakari, mahaikide eta idazkari lanetan beraiek aritzen baitira.

Ikasleek botoa emateko bi era dituzte: batetik, boto-txartelaren bidez, eta, bestetik, boto elektronikoaren bidez. JUUL web-orria, bozketa-elektronikoa egiteko plataforma izateaz gain, irakasleen irakurketa bultzatzeko baliabideen bilgune da

Bozketa Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko ikastoletan egingo da, eta 17.000 ikasle inguruk hartuko dute parte.

Boto emaileak sei kategoriatan banatuko dira:

A- Haur Hezkuntza – Ama Ikastola

B- LH (1. eta 2. maila) – Lehen Maila (1. eta 2. urtea)

C- LH (3. eta 4.maila) – Lehen Maila (3. eta 4. urtea)

D- LH (5. eta 6. maila) – LM (5. maila) eta Kolegioa (6)

E- DBH – Kolegioa (5., 4., 3.a) eta Lizeoa (2.a)

I- ILUSTRATZAILEAK

Emaitzak, kontaketa egin ondoren eta dena ongi joaten bada, egun horretan bertan, gauean, jakinaraziko dira.