Ikastolen IKT proiektua
Ikastolen Elkarteak bere aitzindaritza eta esperientzia frogatuak ditu hezkuntza eremuko I+G+B egitasmoak eta proiektuak burutzean, euskal eskolaren gestioan, oro har. IKT alorrean 15 urte baino gehiagoko eskarmentua metatua du, euskarazko eta euskal kulturan ardaztutako software kurrikularra eta aisialdikoa ekoiztean aitzindaria izanez, eta hauetatik eskola-gestioari zuzendutako aplikazio informatiko propioak sortu, esperimentatu, burutu eta berritzera iritsia dela, eskola erkidegoaren baitako komunikazioa errazteko aplikazioak ere sortu eta eguneratzen jarraitzen duelarik.
Ikastolak, bestalde, euskara eta euskal kultura ardatz duen hezkuntza eleanitza praktikan jarria duten ikastetxeak dira, kalitatea ezaugarri dutela, eta horren altzoan IKT Plana deituriko egitasmoa garatua dute azken urteotan. IKT plan honen xedez, Informazio eta Komunikazio Teknologietan urrats kualitatiboa eta kuantitatiboa egitea izan da, IKTak ikastola guztietan garatzeko plana diseinatuz eta aurrera emanez hasieran ikastola pilotu batzuen bitartez eta ondoren ikastola guztietara hedatuz.
Ikastolek behar duten hardware, software, profesionalen prestakuntza eta dinamizazioa antolatzen ditu IKT planak, bai hezkuntza prozesuan eta bai eskolaren kudeaketan, modu koherente eta aproposean.
Informazioa bilatu, prozesatu eta komunikatzeko konpetentziak bermatuz ezagutza sortzeko gai diren ikasleak hezi behar ditugu. Horretarako, irakasleek, ikastolen pedagogia-curriculum proiektuekin bat datozen IKT baliabideak erabiliz, metodologia berritzaileak eta kolaborazio proiektuak bultzatu behar dituzte eta horretan laguntzen ahalegintzen gara IKT proiektutik.
Ikasmaterialgintza proiektuekin bat diseinatutako eta ikas-irakaskuntza prozesua hobetzera zuzenduriko IKT baliabideak garatzen ditugu. Euskarrien arteko osagarritasuna zaintzen da (papera, IKTak…), ekimen guztiak bateratzeko konbinaketa metodologikoak arakatuz eta materialgintzaren eta prestakuntzaren arteko lotura zuzena ere landuz.
Aipatu, ikasmaterial hauen sorkuntzarako eta garapenerako, talde multidisziplinarra osatzen dugula, esparru anitzetako profesional ugarien inplikazioa ahalbideratuz, hezkuntzan, gelan bertan, lanean diharduten profesionalak, curriculum adituak eta informatika teknikariak…bilduz.
Azkenik esan, ikastola bakoitzaren kudeaketa, antolaketa eta komunitatearen partaidetza kalitatez bermatzeko, eta ikastola taldea sendotzeko, berariaz sortutako aplikazioak ditugula: IKASDAT, ikastolaren kudeaketa akademiko eta administratiborako aplikazioa eta IKASWEB plataforma, ikastolen intranet eta webgunea diseinatu eta antolatzeko softwarea.
I+K teknologiak bere eguneroko zereginetan txertatuak dituzten ikastolak nahi ditugu, kudeaketa eta antolaketan zein ikas-irakaskuntza prozesuan, hau da, IKTak ikastolaren Hezkuntza Proiektu eta Proiektu Kurrikularrean integratuak dituzten ikastolak.
“Derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculuma”ren arabera IKT konpetentzien definizioa hauxe da:
“Ikaslea gai da, bere bizitzako eremuetan, egoera bakoitzak eskatzen duen IKT baliabideen erabilera egokia, eraginkorra eta arduratsua egiteko: informazioa kudeatzeko, elkarlanean aritzeko, ekintzaile izateko eta horrekin guztiarekin ezagutza sortu eta partekatzeko".
Hezkuntzaren xedea, gizakiak, gizabanako gisa, gizartekide gisa eta izadikide gisa, ahalik eta gaitasun gehien garatzea da. Ikasleari, bizitza guztirako baliagarri izango dituen oinarrizko baliabideak eskaintzea: Euskal curriculumaren arabera, gazte batek bizitzarako behar bezalako prestakuntza izango du, baldin eta derrigorrezko eskolaldian– oinarrizko –konpetentziak, orokorrak eta espezifikoak zenbat eta gehiago garatu:
Ikasleek oinarrizko konpetentzia hauek lor ditzaten, IKT baliabideek izugarrizko aukerak eskaintzen dizkigute, lan egiteko era berriak ahalbideratzen dituzte, beti ere ikasleak eragile aktibo bihurtzeko asmoz.
Ezagutza eraikitzeko, partekatzeko eta zabaltzeko aukera berri hauek, konpetentzien lorpenaren mesedetan jarri behar ditugu eta honekin, ikaskuntza prozesuan eragiteaz gain, gure gizartean eragiteko aukera ere zabalduko genuke.
Oharra: Ikastoletako IKT dinamizatzileek informazio gehiago aurkituko dute atal pribatuan. Bertara sartu ahal izateko erabiltzaile izena eta pasahitza behar da.