Arbizu Ikastolak 40 urteko ibilbideari Omenaldia

Batzar aretoa txiki geratu zen bertaratu ziren guztientzat,  urte guzti hauetan ikastolaren harremana izan duten sortzaile, bazkide, langile eta ikasle franko bildu baitzen. Ordu bete ekitaldian, ikastolaren lehen hazia jarri zutenei,  lanean jarraitu dutenei eta laguntza eman duten guztiei esker ona adierazi zitzaien. Hortaz gain, ekitaldirako bereziki prestatutako bideoa proiektatu zen, non adierazpenak jasotzen diren ikastolaren ibilbidearen bilakaeraz,  Arbizuko ikastolan sortzaile, guraso zein ikasle izan direnen artean. Ikastolako lehendakariak  eta udal ordezkariak ere izan zuten tartetxoa. Hunkigarria izan zen ekitaldia, hala nola,  lehen promozioko eta gaur egungo ikasleek bertsoak eta ikasle ohi batzuk “Bai euskarari” kantatu zutenean, bideo emanaldian eta ikastolaren sortzaileen izenean, Patxi Leizak hitza hartu zuenean eta  baita ere, sortzaileei ikasle batzuk aurreskua eskaini zien unean.  Otamena batez amaitu zen ekitaldia.