Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa

Urteak dira ikastolek Hezkuntza Sistema Propioa eskatzen ari direla Euskal Herriarentzat, horrek bakarrik ziurtatuko duelako Euskal Herriko ikasleentzako  besteak beste hezkuntza euskalduna, eleanitza, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritua, teknologia berrietan trebatua, kalitatezkoa eta ekitatiboa. Era berean, xede hori lortzea oraindik ezin bada ere, bidean urratsak aurrera egin behar direla argi adierazi dute ikastolek. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege baten atarian egon gaitezkeen honetan, ikastolek lege hori bultzatzeaz gainera, hiru lurralde horietarako Hezkuntza markoak izan beharko lituzkeen gutxieneko ardatzak marraztu dituzte, eta azaroaren 25ean egindako Ikastolen Topaketetan Adierazpena egin dute hori dena azaltzeko.

Indarra titulartasunean jarri beharrean, zerbitzu publiko gisa antolaturik, denen partaidetzaz helburu orokorrak bideratzea proposatu dute, eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikotik abiatuta ikastolen proposamena plazaratu dute.

 

 

Ikastoletako ordezkari andana eta hainbat erakunde, elkarte, alderdi politiko eta sindikal elkartu dira Bilbon, Ikastolen Topaketan. Besteak beste erakunde eta talde hauetako ordezkariak etorri dira: Eusko Jaurlaritza EAJ, EHbildu, EHIGE, BIHE, Sarean, Kristau Eskolak, Sortzen, Erkide, EIB, Kontseilua, LAB, Hik Hasi…

Zerbitzu publikoaren dimentsioa

EHUren paraninfoko Baroja aretoa mukuru zela Hezkuntza, legez eta bidez lelopean egindako topaketetan zerbitzu publikoaren dimentsioa aztertu dute, definiziotik bertatik abiatuta, zerbitzu ikuspegitik eta lege ikuspegitik. Kataluniako 2009ko Hezkuntza Legea ere aztertu  dute, inguruan dugun eta gurearen antzeko egoera duen herrialde batekoa izanik erreferentzia gisa har daitekeena.

EKAI center-eko zuzendari Adrian Zelaiari egokitu zaio Topaketen lehenbiziko hitzaldia ematea. Zerbitzu publikoak, haien kudeaketa eta Europako Batasunak 2004ko Liburu Zurian ezarritako irizpideen berri eman du Zelaiak. Hala, zerbitzu publikoaz bainoago interes orokorreko zerbitzuez mintzatu da, Europako Batasunak kontzeptu hori hobesten duelako, bestea lausoagoa delakoan. Era berean, esan du Europak interes orokorreko zerbitzuetan herritarren parte hartze zuzena indartzea bultzatzen duela, alegia, zerbitzu hori jasotzen duten erabiltzaileen partaidetza, erabiltzaileen interesa eta erabiltzaileen boterea hain zuzen ere.

Ikuspegi horretatik begiratuta, ikastolak Europak bultzatzen duen interes orokorreko zerbitzuen ereduaren barruan leudeke, ongi kokatuak, gainera, Zelaiaren arabera.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko letradu Santi Merinok ere zerbitzu publikoen definiziotik abiatu du bere hitzaldia, XXI. mendera gaurkotu beharrekotzat jo du, eta EAEn Hezkuntza Legea berritzeko beharra azpimarratu du. Kontzeptu gisa, publiko-pribatu bereizketa ez dela ez bakarra ez unibertsala argi utzi du hasieratik, oso desberdin ulertzen baita dikotomia hori Europako hegoaldean (Espainia, Frantzia, Italia…), mundu anglosaxoiean, Europako iparraldean, edota Europako ekialdean. Zerbitzu publikoa eta funtzio publikoa bereizi egin behar direla ere esan du.

Horrela, aldaketa garaiotan zerbitzu publikoen prestazioak aldatu beharraz mintzatu da. Ongizate estatuaren eredua ziurtatuko duen kudeaketa berriak zerbitzuen eraginkortasunean, parte-hartzean eta kontrol publikoan oinarritu behar direla uste du. Hezkuntzaren alorrean, berriz, irizpide horiek erabiliz sistemari koherentzia emango dion Lege bat beharrezkotzat jo du. Lege horrek hezkuntza sistema publikoari definizio berri bat eman beharko lioke, Merinoren arabera, aukera berdintasunaren eta gizarte kohesioaren mesedetan. Hezkuntzan, eredu kooperatiboak aukera bat du eta publikoaren kudeaketan herritarren parte-hartzeari ateak irekiko lizkioke behin betiko.

Horregatik, titularitatea albo batera utzita, ikastetxe publikoei eta kontzertatuei bakoitzak dituen alde onak besteari emanez sistema publiko berri bat aldarrikatu du. Publikoek kontzertatuen autonomia eta parte-hartzea irabaziko lukete; kontzertatuek, berriz, publikoen finantzaketa.

Kataluniako Hezkuntza Legearen eredua

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko letraduak argi utzi nahi izan du berak proposatzen duen eredua ez dagoela airean eraikita. Aitzitik, inguruan daukagun eredu bat jarri du EAErako Hezkuntza Lege baten abiapuntutzat: 2009ko Kataluniako Hezkuntza Legea.

Lege horri buruz hitz egitera etorri da, hain zuzen ere, Francesc Colomé aditua. Aditua eta aritua, bera izan baitzen Kataluniako Hezkuntza Legearen egileetako bat, Generalitateko Hezkuntza Departamenduko Hezkuntza Politiken zuzendari izan baitzen legea egin zenean.

Arazo handiak zituzten Hezkuntzan Katalunian, Colomék azaldu duenez: eskola uzte goiztiarra ia %30ean, desoreka handia publiko-kontzertatu dualitatean… Estatut berriak Hezkuntzarako Lege bat egiteko eskumena emanik, berehala ekin zion lanari Gobernuko PSC-ERC-ICV hirukoak. Aurretik, 2004ean, Hezkuntzarako Ituna adostu zuten hezkuntza eragileekin. Ezaugarri hauek zituen: Hezkuntza sistemako dualitatea: publiko-kontzertatua; ikastetxeen autonomia, eta zentruen zuzendaritza; irakasleria eta karrera profesionala;  familien parte-hartzea;  udalen papera.  Akordioak Legea egitea eskatu zuen.

Colomék gogoratu du ez zela batere erraza izan, inplikatutako eragileen aldetik erresistentzia handia zegoelako. Horregatik, lege bat egiteko orduan, denek duten onena eman behar dutela argi dauka, bidea luzea eta gogorra delako. Gainera, lege baten egikeran parte-hartze zabala behar dela uste du: „Uste dut hezkuntza erreforma bat ezin dela soilik hezkuntza eragileekin hitzartu. Akordio politiko-soziala behar da, gizartea inplikatu behar da”.

Lege baterako dekalogoa

Lege bat egiteko orduan, dekalogo bat utzi digu Colomék. Hauxe da Katalunian erabili zuten dekalogoa :

  • Eskumen gehiago. Lege espezifikoa eta hizkuntza eredu katalana.
  •  Sistema katalana, sektore publiko eta kontzertatua bereiziz, baina eskubide eta betebehar komunak ezarriz. Finantzaketa egokiarekin; moduluak berritu behar dira.
  •  Funtzioak, eskubideak eta bakoitzaren aportazioak garbi zehaztu.
  •  Ikastetxeak benetan eraldatu.
  •  Zuzendaritzaren eta erabateko autonomiaren funtzioak ulertzeko modu berri bat.
  •  Gizartea eta hezkuntza sistemaren arteko harremana, ebaluazioaren bitartez.
  • Hezkuntza funtzio publiko berria: gorputz propioak,mugikortasuna,karrera profesiola, formakuntza...
  • Hezkuntza etapa bakoitza zaintzea, ibilbideak hobetu eta elementu esanguratsuak doitzeko.
  • Lokalean jokatu, Udalak inplikatu, gertutasuna zaindu eta sustatu.
  • Beharrezko baliabide guztien (finantzaeta) aurreikuspen zehatza egin.