Ziburun jarraituko du Ikastolak
Paueko Administrazio Auzitegiak Ziburuko Kaskarotenia Ikastolari egoitza uzteko emandako epaiak asalduraz, harriduraz, saminez eta amorruz utzi gaitu ikastolakide guztiok. Badira bi urte, Frantziako Gobernuak Falloux lege zaharkitua tiraderatik atera eta ikastolak itoarazteko ekinbidea abiarazi zuela, herriko etxeak ere jomugan jarriz ikastolei laguntza apurrik eman ez ziezaieten. Orain ere epai batek behartu nahi du Kaskarotenia kale gorrian uztera, baina oraingoan ez da Paris, ez prefeta ezta suprefeta ere, Ziburuko auzapeza da Ziburutik egotzi nahi gaituena. Ziburutik, bai, eta ez Marinela auzoko eremutik, lekuz aldatzeko aukeraz hitz egin ere ez baitu egin nahi. Kaskarotenia ikastola txiki bat da, hasi berria, baina Ziburun geratzeko eta garatzeko jaioa. Argi adierazi dute hori gurasoek eta irakasleek eta Seaskako ordezkariek ere. Elkarrizketara deitu dute Ziburuko auzapeza, irtenbide baten bila; tamalez, oraingoz erantzunik jaso ez duen eskaera. Horregatik guztiarengatik Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak hauxe adierazi nahi du: Kaskarotenia ikastolako haur, guraso eta irakasleei Euskal Herriko ikastolakide guztion elkartasuna, babesa eta laguntza adierazi eta eskaintzen diegu. Ipar Euskal Herrian ikastolen garapenarekiko konpromisoa berretsiz, Ikastolak Ziburun jarrai dezan egiten ari diren ahalegin horretan alboan, eskuz-esku, edukiko gaituzte. Ziburuko auzapez Guy Poulou-ri, berriz, jarrera aldatzeko eta elkarrizketari heltzeko eskatzen diogu, Kaskarotenia ikastolako guraso eta irakasleek eta Seaskako ordezkariek elkarrekin auzi honi irtenbidea emateko egindako deiari baikorki erantzuteko. Auzi hau denon artean aterako dugu aurrera. Horregatiik, Euskal Herriko erakunde publiko, alderdi eta gizarte eragileei ere dei egiten diegu auzi hau konpontzeko euren esku dagoena egitera. Euskal herritar guztiek ere beren alea jar dezakete Ikastolak Ziburun jarrai dezan, Kaskarotenia ikastolak abiatu duen sinadura bilketan izena ematetik hasita: http://www.mesopinions.com/petition/enfants/veux-ikastola-ciboure-ikasto... Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Batzordearen izenean Koldo Tellitu Mejia Ikastolen Elkarteko lehendakaria