Ikastolen Elkarteak X sarea uztea erabaki du

Ikastolen Elkarteak jakinarazi nahi du X plataforman (lehen Twitter) zuen presentzia bertan behera utziko duela. Erabaki hau ez da ausaz hartutako erabakia, gure balioekin bat datorren komunikazio-ingurune bat sustatzeko urrats gisa ulertzen dugu. Azkenaldian, plataforma horrek hartu duen norabideak gure balio etiko eta demokratikoekin talka egiten du. Informazioaren kalitatea eta egiatasun falta agerian geratu dira, eta gure ardura da errespetuan eta egiazkotasunean oinarritutako komunikazioa indartzen duten guneak sustatzea.

Erabaki honen arrazoi nagusiak honako hauek dira:

  • Balio etiko eta demokratikoak: Gure konpromisoa da pentsamendu kritikoa eta egiazkotasuna sustatzen dituzten komunikazio-inguruneak bultzatzea, eta uste dugu X sareak ez duela hori bermatzen. Plataformaren jarrera eta politikak ez datoz bat gure balioekin, ezta hizkuntza-aniztasunaren sustapenarekin eta komunitatearen babesarekin ere.
  • Pribatutasuna eta datuen kudeaketa: Plataforma honek erabiltzaileen datuak biltzeko eta erabiltzeko duen modua ez dator bat gure printzipioekin.
  • Edukiaren kontrola eta desinformazioa: Plataforma honetan zabaltzen diren edukien kontrol falta edo desinformazioaren gorakada kezka iturri bihurtu zaigu.

Ikastolen Elkartea hezkuntza-erakunde bat da, eta gure egitekoa ezagutzaren transmisioa eta heziketa integrala bermatzea da. Gure inguruneak, espazio digitala barne, gure hezkuntza- eta kultur-balioekin bat etorri behar du, eta horregatik uste dugu sare sozialek pentsamendu kritikoa, errespetua eta informazio fidagarria sustatu behar dituztela.

Gure komunitateak dituen behar eta balioei erantzuteko modurik egokienak bilatzen jarraitzen dugu, eta horregatik, gure presentzia digitala birplanteatzen ari gara. Horrela, gure komunikazioa indartuko duten gune eta espazioak lehenetsiko ditugu, betiere pentsamendu kritikoa, errespetua eta informazio fidagarria sustatzeko helburuarekin. 

Horrez gain, Ikastolen Elkarteko 7. Batzarrean erabaki genuen ikastolek burujabetza digitalerako bidea hartuko zutela, eta urrats hau naturala eta beharrezkoa da komunitatearen etorkizuna modu autonomoan eraikitzeko konpromisoaren barruan. Horrekin lotuta, sare kooperatiboak eta komunitateari hurbilagoak diren beste sare sozial batzuk aztertzeko beharra ere ikusi dugu, eta hori dela eta, Ikastolen Elkartea osatzen dugun ikastolek egin beharreko urratsak definitzen jarraitzen dugu.