Ikastolen agerraldia Eusko Legebiltzarrean
Hauxe duzue, osorik, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean Ikastolen Elkarteak egin duen agerraldian proposatutakoa. Koldo Tellituk, Nekane Artolak eta Jose Luis Sukiak osatu dute ikastolen ordezkaritza.
Areto honetan egin genuen aurreko agerraldiari hasiera eman genion esanez edozein herriren etorkizuna finkatzeko garaian, Hezkuntza oinarrizko gaia dela: Ikasleen irteera profila zehazterakoan, gizartearen etorkizuna eta eredua finkatzen dira. Herri edo herrialde baten kultura, historia, izaera, hizkuntza transmititzeko eta mantentzeko oinarrizko tresna da Hezkuntza. Horregatik, hain zuzen ere, herri eta gobernu guztiek lehenesten duten gaia da Hezkuntza, eta arautzeko lehentasuna ematen diote.
Agerraldi horren ondoren, Euskal Hezkuntza Sistema arautuko duen legearen inguruan hainbat mugimendu egin dira Hezkuntza Sistema osatzen dugun eragileon aldetik. Eta GU IKASTOLAK, parte aktibo izan gara. Ez ditugu zehaztuko, denbora mugatua dugu eta, gainera, hemen gaudenok sobera ezagutzen ditugu. Orain, ibilbide luze hori eta gero, LEGE AURREPROIEKTUA dugu mahai gainean. Eta Aurreproiektua balekotzat jo dugu publikoki, nahiz eta gabeziak ere badituen.
Zergatik diogu balekoa ikusten dugula? Euskal Hezkuntza Sistema berri baterako bidea irekitzen duelako. Gure ustez aurreproiektu honek aukera esanguratsuak jasotzen ditu eta gaur egun dugun Eskola Publikoaren Legearekiko aurrerapauso handia da. Aurreproiektu honek jasotzen dituen aukera esanguratsuenak hauek dira gure ustez:
Lehen aldiz, publikotasun eredu berri bat definitu eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren idea jasotzen du. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa osatuko duten ikastetxeek, administrazio-titularitatekoak izan ala ez, bete beharreko baldintzak, printzipioak, konpromezuak, betebeharrak eta lortu beharreko helburuak aurreproiektuan jasota daude.
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan egongo diren ikastetxe guztien finantzaketa bermatuko dela adierazten da, doakotasun erreala ziurtatuz. Bat gatoz doakotasun printzipio eta helburuarekin, ikasle eta familia guztiei hezkuntza eskubidea bermatze aldera, segregazioaren kontrako neurrietako bat bezala kontsideratzen dugu. Segregazioaren aurka egiten den proposamenarekin eta helburuarekin bat gatoz, eta garrantzitsua iruditzen zaigu legean aurreikusita egotea hezkuntza komunitatearekin elkarrizketa aktiboko prozesu bat irekitzea, eskola-segregazioaren aurkako itun bat lortzeko.
Doakotasunaren bide honetan urratsak egiten hasi da Hezkuntza Saila finantzazio gehigarria emanez.
Hizkuntzen alorrean ere, euskararen inguruan aurrerapauso batzuk eman dira. Besteak beste:
- Neurriak hartuko dira euskararen erabilera bultzatzeko, eskola-komunitatearen motibazioa sustatzeko eta ikasleen arteko harremanetan euskararen erabilera indartzeko.
- Euskararen minorizazio egoera aitortu da eta ondorioz C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko da irakasle guztien artean.
- Ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan euskararen B2 maila lortu beharko dute.
- Euskal kulturaren ezagutzari arreta berezia eskainiko dio Hezkuntza Sailak berariazko planen bidez.
Baina, aldi berean, aurreproiektu honek hainbat gabezia ditu gure iritziz, eta gure ustez horiek bideratu egin daitezke egingo ditugun proposamenen bidez Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko propio eta bateratzaile bat gauzatzeko… Gabeziekin hasiko gara…
1. Legearen zehaztapen falta. Gai garrantzitsu gehiegi, deskribapen labur baten ondoren, araudi bitartez garatzeko geratzen dira. Agindu eta dekretu bidezko garapenek aldebakarreko politika ahalbidetu dezakete, eta hezkuntza eragileoi prozesuan parte hartzeko aukera zaildu. Legearen garapena ondo bideratu nahi badugu, honek hezkuntza eragileen parte hartzea ahalbidetu beharko du.
2. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren zehaztapen falta dago. Publikotasun berri bat definitu eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidea jasotzen bada ere, publiko-pribatu dikotomia juridikoa ez du gainditzen. Ikastetxe guztiok, titulartasuna zein den kontuan izan gabe, baldintza berdinetan jokatzeko ahalmena izan behar dugu.
3. Ikasle eta familia guztiei hezkuntza eskubidea bermatze aldera doakotasun printzipioa eta helburua zehazten dira, baina ez da aipatzen doakotasun hori burutzeko modua, ezta erabiliko diren baliabideak ere. Horregatik, eta helburu horri begira, lantalde bat eratzeko beharra jasota egon beharko litzateke Legean. Ohar berezi bat ere jaso beharko luke doakotasunaren bermearen inguruan; ezin izango baita doakotasuna bermatu baliabide guztiak bideratu artean.
4. Ez du gobernantza eredu berririk planteatzen. Titulartasun pribatua duten ikastetxeak edota administraziopekoak aipatzen dira, baina ez da aintzat hartzen ikastolok eta kooperatibek dugun kudeaketa eredua, kooperatiben legean jasota dagoena. Alegia, ikastetxearen titulartasuna familiek eta kasu askotan langileek partekatzearena.
5. Euskara eta euskal kultura ardatz izango dituen hezkuntza sistema behar dugu. “Gehiago” behar dugu. Ikastetxeek euskararen alorrean jasotzen diren helburuak lortzeko, lege berriak benetako murgiltze eredua gauzatu beharko luke. Garrantzitsua iruditzen zaigu ikastetxeek euskara lehenetsiko dutela ziurtatzea eta euskararen arnasgune bilakatzea. Horretarako Hizkuntza Proiektuak sendotu behar dira; sendotu eta erdigunean jarri, baliabide gehiagoz hornituz. Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa aktiboko prozesu bat abiarazi behar du hezkuntza eragileekin, hezkuntzan euskararen eta euskal kulturaren normalizazioa lortzeko itun bat erdiesteko. Euskal Hezkuntza Zerbitzuan egongo diren ikastetxe guztiek erdietsi beharko dituzte legearen euskara atalean agertzen diren helburuak. Helburu horien artean esanguratsuena, Ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan B2a lortzearena izango litzateke. Gauza da ezin dugula lorpen horren ebaluazioa ikastetxe bakoitzeko irakasleengan utzi, kanpo ebaluaketa egitea ezinbestekoa litzateke objetibotasuna bermatzeko.
6. Legeak ez du Euskal Herria bere osotasunean jasotzen. Ikastolok Euskal Herria bere osotasunean landuko duen lege bat aldarrikatzen dugu. Euskal Herriaren lurralde osoari eragingo diona, eta Euskal Herriko hezkuntza-sistemako ikastetxeen arteko lankidetza hitzarmenak bultzatuko dituena. Eta horretarako bideak badaudela argi dugu. Alde batetik, Euskal Herrian dauden ikastetxe guztien arteko harremanak eta proiektuak sustatuz; eta bestetik, Europa mailan dagoen legedia erabiliz; elkarlana sustatzeko erakundeak sortuz eta baliatuz. Puntu honekin lotuta, argi utzi nahi dugu ez ditugula inolaz ere alde batera utziko Iparraldean eta Nafarroan euskarazko irakaskuntzan ari diren ikastolekin dugun konpromisoa eta lankidetza. Nazio mailako hezkuntza sistema propio baterako urratsak egiten jarraitzeko asmoa dugu eta.
7. Legeak ez du euskal curriculumean oinarritutako hezkuntza sistema eraikitzen. Euskal curriculumaren aipamen bakarra egiten du. Ikastolok, ordea, Euskal Curriculuma oinarri izango duen hezkuntza sistema nahi dugu. Oso-osorik, bertatik bertara eraikitako curriculumean oinarrituko dena. Konpetentzien garapenerako ikasgai zerrenda, metodologia eta kosmobisio propioarekin. Ebaluazio sistema hezitzailea eta hobekuntzetara bideratua.
8. Legeak bidea ireki behar dio titulartasun partekatutako ereduak esperimentatzeari. Horretarako, errealitate ezberdinetako esperientziak kontutan hartuz eta hauekin esperimentatuz.
Gabezia hauek bideratzeko hauek dira gure ekarpen zehatzak artikulatuari
1.Ekarpena Euskal Herria atal berria |
|
Art. 1 berria
|
|
Euskal Hezkuntza zerbitzuaren barruan harremanak eta lankidetza sustatuko dira euskararen kultura partekatzen duten beste lurralde batzuetan kokaturiko beste ikastetxeekin; Sustatze lan hori Ikastetxeen arteko harremanak bideratuz, sareak bultzatuz, esperientziak trukatuz, proiektuak konpartituz egingo da, euskararen erabilera bultzatzeko eta hori guztia Europako nazioen eremuan. Sustatze lan hau ahalbideratzeko eta bultzatzeko behar diren baliabideak jarriko dira.
|
2.Ekarpena Euskal Herria atal berria |
|
Art. 2
|
|
Europa mailako partzuergo bat eratuko da egungo errealitatetik abiatuta hezkuntza sistema propio bat Euskal Herri osoan eraikitzeko. Partzuergo honen helburua Euskal Herriko hezkuntzarentzat estrategikoak diren proiektuak bideratzea izango da. Erakunde publikoez gain, hezkuntzarekin konprometituta dauden bestelako erakundeek ere sostengatua. |
3.Ekarpena Ikastetxeak sare publikoan sartzea. |
|
Hirugarren xedapen gehigarria. aldatu eta hemen proposatzen dugun bezala uztea |
|
Hirugarren xedapen gehigarria.- Ikastetxeak fusionatzea, elkartzea eta sare publikoan sartzea. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak;
|
4.Ekarpena Hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntzak |
|
66.1eko azken parrafoa aldatu eta horrela jaso |
|
Kanpo ebaluazio orokortu baten bitartez ebaluatuko da ikasleek gutxieneko helburu horiek betetzen duten |
5.Ekarpena Curriculuma eta oinarrizko gaitasunak. |
|
9.1 aldatu eta hemen proposatzen dugun bezala uztea |
|
Curriculuma da lege honetan araututako irakaskuntza bakoitzaren helburuen, gaitasunen, edukien, metodo pedagogikoen eta ebaluazio-irizpideen multzoa. Curriculumaz ari garelarik, Euskal Curriculumaz ari garela ulertuko da, euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia jasotzen duen Curriculuma, hain zuzen. Ikuspegi honi erantzunez zehaztuko dira ikasleen irteera profila, metodologia eta ebaluazio ildoak eta lorpen adierazleak.
Ibilbidearen amaieran eskuratu beharreko kultur ibilbidearen eta konpetentzien proposamena da curriculuma, eta bi helburu ditu: batetik pertsonek gizabanako, gizartekide eta izadikide gisara erabateko garapena lortzea; eta bestetik, belaunaldi gazteak gizartean integratzea eta etengabean berritu eta eguneratutako proiektu komuna eraikitzea. |
6.Ekarpena Euskal hezkuntza-sistemaren helburuak |
|
3. j) aldatu eta hemen proposatzen dugun bezala uztea |
|
Kalitatean eta bikaintasunean, ekitatean, inklusioan eta berrikuntzan oinarritutako hezkuntza-sistema bermatzea, euskara, euskal curriculuma eta euskal kultura ardatz hartuta, eta ikasle eleaniztunak modu eraginkorrean garatzeko esparru propioa egituratuz.
|
7.Ekarpena Doakotasun-bermea |
|
29.6 atal berri bat jaso artikulu honetan |
|
Itun-moduluen zenbatekoa aztertzeko, batzorde bat eratuko da, irakaskuntzak doako baldintzetan ematearen kostu osoa azter dezan, eta Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa gauzatuko duten ikastetxeen esparruan ordezkaritzarik handiena duten erakundeek hartuko dute parte. Batzordearen ondorioak gastu publikoa handitzeko planean sartu beharko dira. |