XXI. Jardunaldi Pedagogikoak: martxoaren 13a
Esperimentatzea, pentsatzea, komunikatzea; ezinbesteko triangelua
XXI. Jardunaldi Pedagogikoen bigarren eguneko lehen saioak esperimentazioaz arduratu dira, ezagutza zientifikoa esperimentazio bidez garatzeaz, hain zuzen ere. Bartzelonako Unibertsitateko Neus Sanmarti eta EHUko Araitz Uskola arduratu dira gai hau sakontzeaz.
Bide horretan, bi adituek bat egiten dute premisa honetan: esperimentatzea ezaguera zientifikoaren osagai funtsezkoa da, baina aintzat hartuta, esperimentazio hutsa ez dela nahikoa; hiru polok bat egin behar dute: esperimentazioak, pentsatzeak eta komunikatzeak.
Adibide ugari eman dituzte bien hala biek, ikasgeletan egin daitezkeen esperimentazioez. Horietako bat, argigarria, ikasgela guztietan egin izan dena baita, babarrun alearena izan da. Urteetan egin da esperimentazio hau ikasgeletan. Kotoi hezez beteriko poto batean babarrun aleak jarri, eta handik landarearen hazkunde prozesuari behatzea.
Sanmartik aldaera berri bat proposatu du, babarrun alearen esperimentazioa garatzea: haurrari babarrun alea eman, eta haren esku utzi hazia landare bihur dadin bere ustez egokien diren baliabideak ebaztea eta praktikara eramatea. Ondoren, berriz, haur bakoitzari egin duena azaltzeko proposatu, lortu duen emaitza, eta, ondoren, haur guztien artean emaitzez eta egindako urratsez eztabaidatu. Beste urrats bat gehiago ere proposatu du: haziak izango duen bilakaerari buruzko batere azalpenik eman gabe, haiek deskubritu dezaten uztea.
Ikasgela guztietan arrunta den esperimentazio honetatik abiatuta, gainontzeko esperimentazio guztiek ere bide beretik izan daitezen proposatu du Sanmartik.
Izan ere, Uskolak azaldu duenez, zaila da haurrek ezagutza zientifikoa eskuratzea eta, beraz, haurrak ezagutza zientifikora bultzatzea, ikasgeletan kontzeptu abstraktu asko eman eta zientzia gutxi egiten bada.
Konpetentzia edo gaitasun zientifikoa da gertaera zientifikoak azaltzen jakitea, gai zientifikoak identifikatzen jakitea eta datu zientifikoak erabiltzeko gai izatea. Baina, nola garatu konpetentzia zientifikoa? Uskolak ez du zalantzarik: esperimentatuz. “Ikerketak, metodologia moduan, konpetentzia zientifikoa osotasunean garatzeko aukera ematen du. eta balio izan behar du edo dezake kontzeptu edo lege zientifikoak ikasteko; jarrera zientifikoak garatzeko aukera ere irekitzen du: jakinmina, ekina izatea, datauen erabilpena. inguruarekin harremanetan jartzen du, talde lana sustatzen da, eztabaidatu, konpartitu..”
Era berean, Sanmartiren hitzak bere eginez, Uskolarentzat ere funtsezkoa da galdera on bat edukitzea, planteatzea, eta ikasleek galdera hori bere egitea. “Izan ere, galdera onak planteatuta pentsamendu kritikoa bultzatzen da”.
Era berean, esperimentazioaren diseinua ere funtsezkoa da. “Diseinua edukita, datuak biltzen dira, grafikoak egiten eta ondorioak ateratzen. Ondorioetatik beste galdera on batzuk sor daitezke, eta beste ikerketa batzuk abiarazi”.
Uskolak beste urrats bat ere planteatu du: nork bere lana ebaluatzea.
"Zer eta nola ikasi-irakatsi zientziak haur eta lehen hezkuntzan?" - Araitz Uskolaren artikulua
Matematiken magia, jolasen bitartez
Raul Ibañezek matematikaren irakaskuntza dibertigarri eta oso baliagarria aurkeztu du: jolasen eta jokoen bidezko ezagutza. Jokoekin gaitasun intelektualak, eta bereziki emozionalak garatzen ditugula diosku Ibañezek. Gainera, jokoek haur guztientzat balio dute: gaitasunak dituztenentzat nahiz ez dituztenentzat.
Matematiketan, Ibañezentzat oinarrizkoak dira jolasak. Gainera, matematiketan aktibo izatea bultzatzen du ikaslea. Baina ohartarazi du jokoetan, bidea dela garrantzitsua, eta ez emaitza. Helburua ez da irabaztea, jokoaren bidez matematika, geometria eta beste gai asko lantzea baizik, ikasleak ia ohartu gabe egingo ditu gainera ariketa guztiok. Irakasleak parte hartu behar du ikaslearekin, jokoaren prozesuan. Irakaslearen helburua izan behar da, ikaslea frustrazioan erortzea saihestea. Beraz, jokoak prozesu oso bat du eta, jolasean haurraren helburua ongi pasatzea da izango bada, iIrakaslearena, prozesuan laguntzea izango da.
Jokorik errazenak ere ikasteko aukera ugari irekitzen ditu Ibañezen aburuz. Horregatik, ohiko curriculumean txertatzea, ezagutzak eskuratzen eta gaitasunak lortzen lagungarri izateaz gainera, bide erakargarri bat irekitzen du: dibertituz ikastea.
"Matematikarekin magia jolasen bidez" - Raúl Ibáñezen aritukulua
Denok zientzialari, denok sperimentatzera!
Esperimentazioak haurraren ikaste prozesuan dakartzan onurez mintzatu izan da Jardunaldi Pedagogiko hauetan. Ezinbestekoa zen, beraz, jardunaldiotan hitz egiteaz gainera, esperimentatzera. Horretarako bi egunotan aukera ugari egon dira. Lehenbiziko egunean RM Azkue ikastolaren eta San Benito ikastolaren praktika on bana aurkeztu ziren.
Gaurkoan, berriz, lau tailer eta hamar esperimentazio erraz aurkeztu dituzte. Tailerrak San Benito, Aita Larramendi, Haurtzaro eta EHIren esku joan dira, zein baino zein ikusgarriago. Araitz Uskolak ere egin du tailer bat. Eta ikasgeletan ohiko material eskuragarrirekin hamar esperimentazio erraz egiteko moduak erakutsi dituzte Elhuyar-eko Danel Solabarrieta eta Ane Galarragak.