Senpereko lakuan izan beharrean, 30 Herri Urrats txiki

Pandemia egoerak behartuta Senpereko aintziraren inguruan milaka lagun batzea ezinezkoa denez, 30 Herri Urrats txiki ospatuko dira maiatzaren 9an. Horrela azaldu dute Herri Urrats eta Seaskako ordezkariek gaur egin duten agerraldian.

Hogeita hamar Herri Urrats txiki, herriz herri. Aurten ere, Senpereko aintzirak ez ditu Seaskako ikastolen aldeko lagunak eta euskaltzaleak bilduko, baina bultzada horiek bat egingo dute maiatzaren 9an Ipar Euskal Herrian antolatuko diren ekimenetan. Ikastola bakoitzak ibilaldi, janari salmenta edo jantzi salmentaz osaturiko programa antolatu eta komunikatuko du hurrengo egunetan.

Forma ezberdina hartuko du aurtengo Herri Urratsek, baina elkarteko ordezkariek nabarmendu duten bezala, «betiko osagaiak hor izanen dira: euskara, giroa, janaria eta dantza!». Euskal Herriko herritar batzuk ezingo direnez ekimenetara hurbildu, bakoitzak bere tokian Herri Urratsen aldeko keinua egiteko deia ere zabaldu dute. Hots, herriak gonbidatzen dituzte maiatzaren 9an ere topa, kantu, ateraldi edo dantzak proposatzera, bakarrik edota taldeka. Horretarako, Xiberoots taldeak egindako Baga Biga Boga kantuarekin Bernat Etxepare lizeoko ikasleek koreografia sinple bat asmatu dute. Bakoitzak dantzatu eta bideoa bidaltzeko gonbidapena luzatu dute.

Aurtengo Herri Urratseko irabaziak Seaskako bosgarren kolegioa eraikitzeko bideratu behar zituzten, eta egoerari aurrea hartuta Boga kanpaina abiatu zuten. Gaurko agerraldian esan duenez, kanpainak «erantzun biziki ona» izan du. Orain arte, 45.000 euro bildu dituzte; helburua, berriz, 300.000 euro biltzea da.

Ikastola berri bat Bardozen

Bosgarren kolegioaren aurretik, ordea, beste ikastola bat irekiko da Ipar Euskal Herrian: Xarnegu ikastola. Bardozen izango du kokalekua eta irailean hasiko du ibilbidea, Seaskako 38. ikastolak eta Euskal Herriko Ikastolen elkarteko 112.ak. Hasiera batean hiruna urteko lau ikasle izango ditu. Urtean zehar bi urteko haurrak ere sartu ahal izango dira.

Xarnegu eskualdean euskara «kinka txarrean» da eta zalantzarik gabe ikastola baten sorrerak euskararen hedapenarentzat lagungarri izango da. Herriko Etxeak ere ikastola irekitzeko jarrera ona izan du.