TXIKIPEDIA Emakume zientzialarien 150 sarrera baino gehiago ari dira prestatzen 18 ikastolatako ikasleak
Txikipedian 250 sarrera berri argitaratzea, bereziki emakumezkoenak eta zehazki emakume zientzialarienak. Horixe da Euskal Wikilariak elkarteak eta Ikastolen Elkarteak Nik, zuk, guk… 250 bai? proiektuaren bitartez bota zuten erronka, eta hemezortzi ikastolak hartu zutena. Otsailean hasi ziren lantzen eta martxo amaiera aldera argitaratuko dira. Helburutik oso hurbil dira dagoeneko.
Otsailaren 9an ekin zioten hemezortzi ikastola horietako lehenek Txikipedian sarrera berriak sortzeko prozesuari. Ez zen ausaz aukeratu eguna, otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen baita, eta erronkaren helburu nagusietakoa emakume zientzialariei buruzko sarrerak sortzea baita. Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Txikipedian 250 sarrera berri egiteko botatako erronkaren lehenbiziko balantzea egiteko konpromisoa hartu zen, sarrera gehienak emakumeei buruzkoak izatea nahi baita.
Honatx, beraz, uneotako balantzea: 220 sarreratik gora ari dira ekoizten hemezortzi ikastola horietako DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleak. Horietatik 150etik gora dira emakume zientzialariei buruzkoak, baina beste emakume batzuk ere aukeratu dituzte (artistak, aktoreak, musikariak, legelariak, kirolariak…). Era berean, emakumeei buruzko sarrerak ekoizteaz gainera euskarazko edukiak ugaritzea ere helburuetako bat zenez, irekia utzi zen gaiaren hautaketa, eta, horrela, badira baita ere, inguruko leku eta eraikin esanguratsuei buruzko sarrerak nahiz jaiei eta ikastolei buruzkoa ere.
Hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute. Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira. Interneten, gainera, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da. Abiapuntu horretatik ekin zioten aipatu hemezortzi ikastola horietako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari.
Ekoizpenari, prozesuari eta kopuruei buruzko balantzea, ordea, motz geratzen da, prozesu honetan parte hartzen ari diren ikasleen eta irakasleen konpromisoa, gogoa eta ilusioa aipatu gabe. Izan ere, euren parte-hartze aktibo eta proaktiboari esker, eurak sortzen ari diren sarrera berri horiek guztiok kontsultatu ahal izango ditugu, guztion jakinmina asetzeko zerbitzura egongo dira, eta era berean, euskarak presentzia handiagoa izango du sarean eta emakumezkoen ikusgarritasuna areagotu egingo da.
Proiektu parte-hartzaile bat jorratu nahi izan dute Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Elkarteak. Erronka formatuan ezarri dute, ikasleen sentsibilizazioa eta proaktibotasuna sustatu asmoz. Erronka kolektiboa da, eta Euskal Herriko lurralde guztietako ikastolak ari dira parte hartzen.
Nik, zuk, guk… 250 bai? proiektuaren bitartez, helburu hauek lortu nahi dira:
- Euskal komunitateko kide bezala euskarak sarean bizi duen egoera ezagutzea, arazoaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
- Sarean, oro har, eta Txikipedian, zehazki, euskarazko artikuluen presentzia areagotzea.
- Gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea, gaiaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
- Konpetentzia digitala lantzea.
Hauek dira ekimenean parte hartzen ari diren hemezortzi ikastolak.
- Aita Larramendi (Andoain)
- Andra Mari (Etxarri Aranatz)
- Armentia (Gasteiz)
- Asti Leku (Portugalete)
- Betiko (Leioa)
- Elgoibar ikastola (Elgoibar)
- Ikasberri (Azpeitia)
- Iñigo Aritza (Altsasu)
- Kurutziaga (Durango)
- Laskorain (Tolosa)
- Lautada (Agurain)
- Lizarra ikastola (Lizarra)
- Orereta ikastola (Errenteria)
- Paz de Ziganda (Atarrabia)
- Txintxirri (Elorrio)
- Urretxindorra (Bilbo)
- Uzturpe (Ibarra)
- Xalbador Kolegioa (Kanbo)