Lehen urratsak egin ditu ‘Liburu Ibiltariak’
Otsailaren 18an hasi zuen ibilbidea Liburu Ibiltariak. Sopelako Ander Deuna ikastolako DBH 3ko ikasleak arduratu ziren ipuinari hasiera ematen, eta Leioako Betiko ikastolako ikasleek eman diote jarraipena. Orain, Bilboko Abusu ikastolako ikasleek emango diote segida, eta horrela, joango dira osatzen ipuina, ikastolen jaien baitatik sortu den ekimen bateratu honetan parte hartuko duten 21 ikastoletatik igaro bitartean.
Ikastolen jaien helburuetako bat da euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu eta sortzeko guneak eta ekimenak zabaldu eta sustatzea, eta bereziki gazteei eskaintzea euskaraz ongi pasatzeko, esperimentatzeko eta sortzeko aukerak. Liburu Ibiltariaren ekimenarekin, aukera hori zabaldu zaie DBH3ko ikasleei, eta, aldi berean, 21 ikastola horien arteko elkarlana sustatu nahi izan da, eta eremu soziolinguistiko desberdinetan kokatuta egonik, errealitate horien guztien isla ere izan nahi du Liburu Ibiltariaren ekimenak.