Ikastolak, hezkuntza eraldatzen
Ez dakigu zer ekarriko digun etorkizunak. Baina badakigu zer etorkizun nahi dugun. Eta, bereziki, badakigu gure ikasleak nolakoak izatea nahi dugun etorkizunean, ikastola utzi eta munduratzen direnean. Horretarako ari gara hezkuntza eraldatzen, egungo erronkei erantzuten; etorkizunari begira, biharko munduari begira, egungoa hobetzeko, egungoa eraldatzeko.
111 ikastola gara, 57.000 ikasletik gora ditugu, milaka familia, eta 6.000 irakasle eta langile ez irakasle. Izaera kooperatiboari jarraituz, taldean egiten dugu lan eta taldearentzat: elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz, eta proiektuak batera eramanez. Euskal Herri mailako ikuspegiarekin, hezkuntza eredu propioaren bitartez, euskaratik eta euskaraz, euskal curriculuma ardatz hartuta, begirada etorkizunean jarrita ari gara lanean. Etorkizun hori zer izango den ez jakin arren, zer izatea nahi dugun jakin badakigulako; egungo gizartea eraldatu nahi dugu, etorkizunekoa izan dadin hobea, euskalduna, parekidea, berdea, bidezkoa, zoriontsua eta osasuntsua.
Helburu dugun gizarte berri hori eraikitzeko, gure ikasleak ikastola uzterakoan nolakoak izatea nahi dugun ere badakigu, gure irteera profilean marraztua dugu, beronen arabera antolatzen da ikaslearen ibilbidea, eta horretan dihardugu, egungo ikasleen garapenean eragiten, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak eta eleanitzak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak.
Etapaz etapa eta etapaz gaindi ari gara ikastolak hezkuntza eraldatzen. Hezkuntza paradigma berri bat abiatu dugu, martxan da etapa guztietan, eta proiektu eraldatzaileak ditugu haur hezkuntzatik hasi eta derrigorrezko bigarren hezkuntzaren osteko ikasketetaraino. Irakasle talde sendoarekin, familia konprometituekin, guztia elkarrekin ari gara aurrera eramaten. Hau ez da ikastola baten edo batzuen egitasmoa, guztiena baizik. Haurra ikastolan sartzen den momentutik haren garapen osoaren ikuspegitik eraldatu dugu pedagogia.
HAUR HEZKUNTZA
0-6 urteetan, haurrengan ematen diren aldaketak, kognitiboak, zein bere identitate propioa eraikitzetik etorritakoak, edota fisikoak eta emozio aldetikoak, oso handiak dira. Hasi oinez ikastetik, hitzak ikastetik, komunikaziora, sozializaziora, … bizitzan ez dago horrenbesteko garapena duen beste etaparik. Haurra ulertzeko moduan izan da eraldaketa, printzipio hauek oinarri hartuz: haurraren izate osoaren errespetua; konfiantza haurraren berezko garapen ahalmenean; haurraren ziurtasun fisikoa eta emozionalaren bermea. Haurraren izate osoa errespetatuz, irakaslea haren bidelagun izango da, haurrari zer egin behar duen esan beharrean, egiteko gai dela eta egiteko horretan lagundu egingo diola erakutsiko diona.
LEHEN HEZKUNTZA
Ikastolan egindako lehen urratsen ondoren, derrigorrezko etapetan sartzen direnerako oinarriak finkatuta, horiek sakonduko dituzte, eta, pixkanaka, oinarrizko konpetentziak (ikasten eta pentsatzen jakitea, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, nor bera izaten eta egiten eta ekiten jakitea) garatzen eta berenganatzen joango dira ikasleak. Curriculumeko gaiak arloka ikasteaz gain, arlo desberdinak uztartuz ere jardungo dute, proiektu edo erronken bitartez arloak landuz eta bereganatuz joan daitezen. Betiere, irakasle talde prestu eta prestatuen akonpainamendu funtsezkoaren bitartez.
DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA
Curriculum ofizialaz gain, euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian (egoera errealetan oinarritutako erronken eta proiektuen bitartez) oinarritutako eredu pedagogiko eraldatzailea dute ikastolek. Euskaran ardaztutako eleaniztasunarekin, etorkizunerako funtsezko baliabideak eskaintzen dizkie ikasleei. Eredu pedagogiko horren arabera berenganatuko dituzte ikasleek edukiak. Baina, edukiak berenganatzeaz gainera, horiek eguneroko bizitzan, egoera errealetan, aplikatzen jakingo dute, derrigorrezko ikaskuntza etapak amaitzerakoan.
BATXILERGOA ETA LANBIDE HEZIKETA
Derrigorrezko etapak gaindituta, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa eskaintzen ditu ikastolak. Bai batean, zein bestean, aurreko etapetatik ikasleek ekarri duten ikasteko eta jakintzak eskuratzeko modu berrian sakontzen jarraituko dute. Proiektu eta erronken bitartez jakintzak mobilizatuz ariko dira, edota ikasketak eta praktikak edo lana uztartuz, ikastolako ibilbidea amaitu osteko hurrengo urratsak egiteko (dela unibertsitaterako sarbidea lortzea, dela lanpostu bat lortzea) prestatuago irten daitezen.
ESPAZIOAK ERALDATZEN
Pedagogia bezala, espazioak ere eraldatzen ari gara ikastoletan, berauek eraldaketa pedagogikora moldatzen ari gara, ikasgelaz harago, korridoreak eta bestelako txokoak ere izan daitezen ikasleen ikasketa prozesurako lagungarri. Barne espazioen eraldaketarekin batera, kanpo espazioetan ere eragiten ari gara, haiek berritzen eta, batez ere, haiek erabiltzen. Espazio zabalak, naturarekin harremanean, aire eta argi naturalaz baliatzeko eta ikasketa prozesuaren parte bilakatzeko.