Gazteek euskararen inguruan hausnartu dezaten
Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaindiak gazteen artean euskararen inguruko hausnarketa bultzatzeko unitate didaktiko digitala sortu dute, eta gaur aurkeztu dute, Donostian, bi erakundeetako ordezkariek. Akademiaren mendeurreneko egitasmoen azken emaitza da unitate didaktikoa, aurrerantzean Euskal Herriko ikastetxe guztiei zabalduko zaiena. Erronka moduan planteatuta, Euskararen Herria Ehuntzen unitate didaktikoaren helburua euskararen iraganeko, egungo eta etorkizuneko egoeraren inguruko hausnarketa kritikoa bultzatzea da lurralde guztietako gazteekin batera.
Aurkezpenean izan dira Miriam Urkia, Euskaltzaindiko Gipuzkoako ordezkaria, eta Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, bi erakundeen izenean. Halaber, bertan izan da baita ere Xabier Lasa, unitate didaktikoaren egilea, eta hark eman ditu beronen azalpen nagusiak.
Urgazle taldeetan antolatuta, ikasleek euren ingurunean euskarak duen egoeraren inguruko hausnarketa egin beharko dute, galdera jakin batzuei erantzunez: zein da euskarak zure inguru hurbilean duen presentzia? Zergatik dira euskara edo erdarak zure hizkuntzak? Zein ekarpen egin diezaioket bertakoa dugun hizkuntza honi? Zein ekarpen egiten dio euskarak eguneroko elkarbizitzari?....
Proposamen honen helburua: euskararen iraganeko, egungo eta etorkizuneko egoeraren inguruko hausnarketa kritikoa bultzatzea euskararen lurralde guztietako gazteekin batera. Ikasleek bizi duten ingurunearen azterketa soziolinguistikoa egingo dute, baina soziolinguistika hitzaren bi osagaien adiera aztertuz; hau da, ikuspegi soziologikoa eta linguistikoa. Finean beraien egunerokoan euskarak duen presentziaz hausnartuko dute.
Horretarako Urgazle-taldeetan antolatuta, ikasleek euren ingurunean euskarak duen egoeraren inguruko hausnarketa egin beharko dute, galdera jakin batzuei erantzunez: zein da euskarak zure inguru hurbilean duen presentzia? Zergatik dira euskara edo erdarak zure hizkuntzak? Zein ekarpen egin diezaioket bertakoa dugun hizkuntza honi? Zein ekarpen egiten dio euskarak eguneroko elkarbizitzari?
Euskararen Herria Ehuntzen unitate didaktikoa euskarri telematikoan eskainiko zaie dohainik Euskal Herriko ikastetxe guztiei. Jarduera berriekin eta erabili ahala, etengabe aberasten eta eguneratzen joango da proiektua.