Nafarroa Oinez 2018 eta 2019: balorazioa eta aurkezpena

Iñigo Aritza Ikastola oso pozik dago euskaltzaleek Altsasun emandako erantzunarekin
Iñigo Aritza  Ikastolak esker hitzak besterik ez ditu emateko. Eskerrak, etorri ziren milaka eta milaka euskaltzaleei, eskerrak giro ezin hobe hori bermatu zenuten guztiei eta eskerrak —bereziki eta gertu-gertutik— Iñigo Aritza Ikastola zein Nafarroako ikastoletako familiei, haiek izan zirelako auzolanean egun paregabe hura posible egin zutenak.

Esker ona, beraz, ikastolak emateko duena, urriaren 21eko Nafarroa Oinez eguna dela-eta baina baita urte guztian zehar antolatu ditugun ekintza guztiengatik ere. Ederra izan da urtea, bizia izan da, zinez bizia, leloa bezala. Baina Iñigo Aritza Ikastola oso harro dago egin den lanaz. Auzolana eta euskara eskutik joan dira, eta bi horiek dira ikastolen bereizgarri nagusiak.

Balorazioa beraz, oso ona da, biribila. Oinez egunari dagokionean, esan bezala giro paregabea izan genuen, eguraldi bikaina eta famili giro ederra. Aipagarrien artean, Erronkak mugitu zuen gazte mordoa eta Haurren Hiria, non etxeko txikienak aske ibili baitziren.

Horrekin batera, inklusioaren erronka jarri genion geure buruari eta kontent esan genezake bete dugula. Antolatu ziren lantegietan zein ibilbidean zehar modu desberdinetan inklusioa festan txertatzea lortu genuen. Aurten eman diogun ezaugarri berri hau gelditzeko etorri dela iruditzen zaigu.

Mikel gaztearen heriotza gogoan
Baina biribilak beti ditu ertzak, eta gurean ertza aurten sakona izan da. Egoera oso gogor eta latz bati egin behar izan genion aurre goizean goizetik: Mikelen heriotzari. Ikastolako kideok minberatuta eta hunkituta geunden. Baina kasu horretan ere, gure familiek eta oro har Altsasuk erakutsitako duintasuna, gizatasuna eta indarra azpimarratu nahi ditugu.

Erantzukizunez, eta maitasunez egin genion aurre eta egun ahaztezin bat burutzea lortu genuen. Egiari zor, lanean geunden Iñigo Aritza Ikastolako kideok ez genuen egunaz gozatu, baina argi dugu  Altsasu eredu dela, negu gogorrenari, eta abestiak dioen bezala, txarrenari onena ateraz, zauriari muxu eginez, auzolanaz, inguruaren babesaz, ukendua jarri genion minari, labankada sakon horri. Eta horrela atera genuen aurrera eguna eta eman genion bultzada ikastolaren proiektuari. Pertsonak hezten ditugu ikastolan, eta izugarrizko gizatasuna duten familiak ditugula ikusi dugu berriz ere.
 

Ingurumenarekin konpromisoa erakutsiz
Egunaren zurruntasunari eutsiz, eta zifra batzuk ematearren, Oinez egunean 15.000 ogitartekotik gora egin ziren, 4.500 talo inguru eta kafea agortu zen. Horretaz gain, sortutako hondakinen %61 birziklatzea lortu da eta Sanferminetako Euskararen Txokoan, berriz, %75. Argi dago ingurumenarekiko dugun konpromisoa: datuek berresten dute hori.

Emaitza ekonomikoei dagokienez, jakin, oraindik ez dakigu, zenbateko ekonomikoa zein den. Diru sarrera batzuk falta dira oraindik eta, batez ere, gastuak kontabilizatzen gabiltza orain. Edonola ere, Nafarroa Oinez urtea ekonomikoki ongi aterako dela aurreikusten dugu, baina egia da ditugun behar guztiak asetzeko adina ez digula emango.

Eta hau guztiarekin zer? Orain lanean jarraitzea dagokigu, gure ikastolako oinarri-oinarrizko obrak egiteko proiektu zehatza erabaki, argi izanda ikasleen egunerokoa hobetu behar dela. Horretarako ezinbestekoa dira teilatua berritzea eta ditugun itaxurak konpontzea, geletako hezetasun eta aireztatze faltari irtenbidea ematea, berogailu sistema eta galdara aldatzea eta irisgarritasuna bermatzea, batez ere ikastolako bigarren solairura. Azken finean, 40 urte inguruko eraikin batek dituen arazoak konpontzea.

Amaitzeko, gure indar eta laguntza eskaintzen diogu Argia Ikastolari. Argi dugu auzolanean eta elkarrekin egin behar dugula gaurdanik Nafarroa euskalduna. Eta lanak lan, bidean gozatu dezazuela opa dizuegu. Hurrengo geltokia… Tutera!

ARGIA IKASTOLA, 2019 NAFARROA OINEZen ANTOLATZAILEA

Argia Ikastolaren historia 1984an hasi zen; zehazki, azaroaren 5ean, bost neska-mutil eskolak euskaraz jasotzen hasi zirenean Beterri peñako lokaletan. Guraso talde baten ekimenari eta ahaleginari esker abiatu zen, haiek egin baitzuten apustua Erriberan aitzindaria zen hezkuntza proiektu euskaldun eta kooperatiba izaerakoaren alde.

2000. urtean hazten jarraitzen genuen, eta ikastetxea handitzeko lanak egin genituen; bigarren solairuan kokatu genituen Lehen Hezkuntzako hainbat gela eta Bigarren Hezkuntzakoak.
2006an, negoziazio luzeen ondoren, Argia Ikastola legalizatu zen, abenduaren 15eko 18/1986 Euskararen Foru Legeak, ez-euskalduna izendatzen duen eremuan dauden beste ikastolen legalizazioarekin batera. Une hartara arte, legez kanpoko ikastetxe bat izateak dituen kalte guztiak jasan behar izan genituen. 2006ko urriaren 13an Nafarroako Gobernuak bere itun erregimenean sartu zuen gure ikastola. Behin betikoz Fontellaseko Argia Ikastolaren irekiera eta funtzionamendua baimendu zituen eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntzako zikloa eman genitzakeen. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zikloa ere baimendu zen, baina salbuespenezko eta aldi baterako izaerarekin, Heziketa Fisikoa emateko kiroldegi bat edukitzea ezinbesteko baldintza baitzen.

Hain muga zabalak izatea abantaila den arren, halako zenbaki handiekin ez zaigu ahazten gure sustraiak Nafarroako Erriberan daudela. Herri askotako ikasleak jasotzen ditugu (Tutera, Fontellas, Cintruenigo, Corella, Cascante, Murchante, Alesbes, Cadreita, Arguedas, Castejon, Buñuel, Cortes, Ribaforada...) eta gure familiek herri horietako bizitza sozial eta kulturalean parte hartzen dute, gero eta aberatsago eta pluralago eginez.

Nafarroa Oinezek bultzada ekonomikoa emango digu eta, bultzada horri esker, Argia Ikastolak lanean jarraitu ahal izango du bere kooperatiba ereduan oinarrituz hezkuntza proiektua eta aldi berean soziokulturala den proiektua garatuz, xede taldetzat Erriberako gizartea duena. Aukera ematen digu lanean jarraitzeko gure hezkuntza-eskaintza ireki, irisgarri eta berritzailearen garapen eta hedapenera zuzenduta dauden proiektu eta jardunbideetan. Euskara normalizatzen jarraitzen dugu “ez-euskaldun” izendapena duen zonalde batean, non gero eta gehiago diren hizkuntza hori ezagutzen eta egunerokoan erabiltzen dutenak. Berrikuntza pedagogikoa da ikastola proiektuaren oinarrietako bat. Momentu honetan, marko pedagogiko berriaren ezarpenera bideratzen ari gara gure ahalegina. Gizakiak bere izaerari estuki lotuta ditu berezko ezaugarri jakin batzuk. Ezaugarri horiek ezagutzeak eta errespetatzeak ahalbidetzen du baldintza batzuk ezartzea, etorkizunean helduak izango diren horiek konfiantzatik abiatuz gara daitezen, eta ikasketa positiboko bidea has dezaten.

IZAN ARGI da Nafarroa Oinez 2019ren goiburua!!
Hitz-joko horrekin deskribatu nahi izan dugu zein den gure ikastolak bizi duen momentua, bai gure hizkuntzaren garapenaren testuinguruan, bai jomugan dugun marko pedagogikoaren aurrean.
IZAN da Ikastolen Elkarteak marko pedagogiko honi eman dion izena.
ARGIA gure ikastola da.
Euskara eta Ikastola dira goiburuaren ardatzak.

Euskara delako gure hizkuntza eta gure kulturaren zutabea, eta Ikastola delako gure hezkuntza eredua. Argia Ikastolak eta bere esperientzia luzeak kalitatezkoa eta euskalduna den hezkuntza eredua bermatzen du. “Izan argi!” Izan ere, Argian, euskara eta euskal kultura lantzen eta indartzen ditugu, eta horrekin batera, beste hizkuntzak eta kulturak ere bai, elementu positibotzat ditugulako eta ikasle eleanitzak hezi nahi ditugulako.
 

LOGOA
Eguzkitik abiatzen gara. Etorkizunera begirako norabidea zehazten dugu, non gure hizkuntza helburu dugun hezkuntza markoaren oinarria izango den. Gure zonaldeak duen aniztasun berezia kontuan hartuta, elkar ezagutzeko eta onartzeko, gure ondoan eta gurekin bizitzen ditugun askotariko sentsibilitateetara hurbiltzeko, eta Ikastolako komunitate osoa eta bere ingurua aberasteko aukera bezala. Hori guztia gure Nafarroa Oinez proiektuan kokatuta, Nafarroan Ikastolaren hezkuntza proposamena egotearen eta irautearen, eta euskararen finkapenaren sinbolo gisa.

Goiburuaren eta logoaren egilea: Maite Elias Uria. Azkoitia, Gipuzkoa. Marketin-talde baten profesionala, enpresen irudi korporatiboetan esperientziaduna eta ikastolen jaietako logoetan, Korrikako logoetan,...

Argia Ikastolako komunitateak nahi du NAFARROA OINEZ 2019 Erriberako jende guztiaren festa izatea, eta proiektuak ematen duen oihartzuna Erribera markarentzat erakusleiho izatea. Besoak zabalik hartuko ditugu Oinezen antolakuntzan eta garapenean lagundu nahi duten guztiak. Proiektuaren izaera ibiltariak edizio bakoitza antolatzen duen ikastolaren idiosinkrasia eta bere ingurua errespetatzea ahalbidetzen du. Azken batean, lurralde bakoitzera eta haietan engaiatzen diren pertsonetara egokitzen den proiektua da.