2017-18 ikasturtearen ikastolen balorazioa
2017-18 ikasturtea amaitu berri zaigunean, zaila egiten zaigu beroni nota bat ezartzea, denetarik izan baitugu irailetik ekaina bitartean. Azpimarratzekotan, bukatu berri den ikasturteak era nabarmenean agerian geratu diren bi alde kontrajarri utzi dizkigu. Alde batetik, etorkizunari begira jarri diren ekimenak ditugu (Hezkuntza Akordiorako proposamena, Hik Hasiren proposamena...) eta beste aldean, berriz, egungo hezkuntza sistemak dituen gabeziak (ikasleen euskara mailaren beherakada, atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzean dagoen desoreka, Frantziako Gobernuaren erasoak ikastolen aurka, Eskola Kontseiluaren Legea...).
Ikastolok, hezkuntza eragile garen aldetik, gai hauetan guztietan adi egon gara, eta eragiten ere ahalegindu gara, ahaztu gabe zein den gure egiteko nagusia: pedagogia. Alor honetan jauzi esanguratsu bat egin dugu ikasturte honetan.
Guztia jorratzen dugu, ondorengo lerrootan.
Frantziako Gobernua erasokor ikastolen aurka
- Frantziako Gobernuak, Hezkuntza Ministerioaren eskutik, politika kolonialista eta suntsitzaile bortitz bati ekin dio hizkuntza gutxituen aurka, eta ikastolak politika horren eragina zuzenean jasaten ari dira. Matrikulazio igoeraren ondorioz Seaskako ikastolek behar dituzten 25 irakasle gehiago emateari uko egin dio, soilik 5,5 eskaini ditu Frantziako Gobernuak. Baina hori aski ez, eta kolegioko etapa amaitzerakoan egin beharra daukaten amaierako proban, brebetan, euskaraz egiteko aukera kentzeaz gain, euskaraz egin dituzten zientzietako probak ez zuzentzeko erabakia hartu du.
- Guztiarekin argi geratu da tokiko hizkuntzen, gure kasuan euskararen, aurkako politika gogor bati ekin diola Macron presidentearen gobernuak. Aurrekoetan bezala, dena den, aurrean izango gaituzte oraingoan ere.
Nafarroako ikastolen kontuak lupapean
- Nafarroako Kontuen Ganberak ikastolek jasotzen duten diru publikoaren gaineko bi azterketa egin ditu aurten, UPNk eta PSNk, alde batetik, eta Podemos taldeak, bestetik, egindako eskaeren ondotik. Lupapean eduki dizkigute Nafarroako ia ikastola guztien diru kontuak. Ikastolok, dena den, ez dugu ezer ezkutatzeko, eta Nafarroako Kontuen Ganberak halaxe baieztatu du egin dituen bi informeetan: ikastolok kontuak aratzak ditugu, eta ez dugu ezer ezkutatzeko.
- Gure kontuak arakatzeko egindako eskaeretan ez dago ustezko iruzurren baten zantzuak argitzeko borondaterik. Aitzitik, ekinbide hauen atzean, aldez edo moldez, ikastolen jardunaren gainean susmo faltsuak jaurtitzeko zio politikoak ikus daitezke.
- Bi ekinbide horiek nahikoa ez, eta,orain, Navarra Confidencial hedabidearen eskariz, beste ikerketa bat abiatuko du Kontuen Ganberak. Oraingoan Nafarroako Ikastolen Elkartearen kontuak ikusi nahi dituzte, euskalgintzako beste hainbat eragilerenekin batera.
- Berriro diogu: ez dugu ezer ezkutatzeko, eta gure kontuak garbiak dira. Baina aldioro horrela ibili behar izateak erakusten digu Nafarroan badirela ikastolen aurka gogor jo nahi duten sektoreak. Bide horretatik, dena den, ez dute ezer lortuko.
Hezkuntza Akordiorako proposamena eta Hezkuntza Legea
- Ikasturte osoa hartu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposatu eta hezkuntza eragileok eta Eskola Kontseiluak landutako Hezkuntza Akordiorako proposamena Eusko Legebiltzarrera iristeko. Duela egun gutxi igorri zuen Hezkuntza Sailak dokumentu hori parlamentura, eta, beraz, datorren ikasturtean ekin beharko diote legebiltzarkideek beronen azterketari. Ikastolok nahi eta Hezkuntza Sailak aurreikusi baino mantsoago doa prozesua, eta antzeman daiteke Hezkuntza Saila bera gai honekin erlaxatu egin dela sindikatuekin lan arloko kapitulua itxi eta gero.
- Egia da proposamenak gabeziak dituela eta ez duela hezkuntza eragile guztien onespena jaso. Onespena eman ez dutenen artean, halere, ikusten da proposamenari baino gehiago proposamena gauzatuz gero etorriko denaren, Hezkuntza Legearen, aurka daudelako hartu dutela jarrera hori.
- Ikastolok, aldiz, dituen gabeziak edukita ere, abiapuntu gisa ikusten dugu proposamena, ez helmuga gisa, hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean mugarri izan daitekeen Hezkuntza Lege berri baterako bidean urrats bat gisa ikusten dugu. Izan ere, proposamenean ageri diren zenbait puntu arautzeko () ezinbestekoa da Hezkuntza Lege berri bat, baita agertzen ez diren puntuak arautzeko ere (sistemaren osaketa, publikotasunaren definizioa, finantzaketa … ).
- Zentzu horretan, argigarria deritzogu, akordio proposamenean aipatu ez arren, Hezkuntza sailburuak jarri dion hitzaurrean ikastetxeen titulartasunariburuzkoantzinakoeztabaida alde batera utzi beharra dagoela aipatzea, eta Hezkuntzaren izaera publikoaren gako-ideia “sistema” dela azpimarratzea. Horrek aditzera ematen digu Hezkuntza Lege berriak hezkuntza sistema osatzen dugun sare guztiak hartuko dituela, eta ez, orain arte bezala, titularitate publikoa duten ikastetxeak bakarrik.
- Guztiarekin, Hezkuntza Akordioaren proposamenaren ibilbidea azkartzea ezinbestekoa ikusten dugu Hezkuntza Lege berri bat abiarazteko prozesua ahal bezain azkar martxan jartzeko. Adorez eta ausardiaz jokatzeko eta eztabaidatzeko unea da guztion aldetik. Ikastolok prest gaude horretarako.
- Hezkuntza Akordioaren proposamena iragan irailean aurkeztu ziguten lehen aldiz. Handik hilabete batera, berriz, Hik Hasi Euskal Hezkuntzaren egitasmoak bere hezkuntza-proposamena aurkeztu zuen. Bertan marrazten diren ildoak eta helburuak oso ongi baloratu ditugu ikastolok, eta etorkizuneko Hezkuntza Lege berri bati begira oso ekarpen aberats eta argigarria iruditzen zaigu. Hurrengo urratsak egiteko aintzat hartzeko moduko proposamenak biltzen ditu.
Euskara. Murgiltze eredua premiazkoa da
- Hezkuntza Akordiorako proposamenak biltzen du ikasleek, Lehen Hezkuntza amaitzerakoan, euskaran B1 maila lortu behar dutela, eta B2 maila Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan. Are gehiago, Eusko Legebiltzarrera eramandako testuan, “gutxienez” hitza erantsi dio hasierako testuari. Helburu horiek oso urrun geratzen dira, ez dira lorgarri, A eta B ereduetan ikasten ari diren ikasleentzako, eta baita D ereduan ikasten ari diren askorentzako ere. Hilabeteak daramatzagu ohartarazten ikasleen euskara mailak behera egin duela, eta beharrezkoa dela neurriak hartzea egoera iraultzeko, gero eta ikasle gehiago D ereduan matrikulatuta egoteak ez duelako, inondik ere, haien euskara mailaren gutxieneko garapena (B1, LHn eta B2, DBHn) ziurtatzen. ISEIk eginiko Ebaluazio diagnostikoaren emaitzek argi erakutsi dute hori guztiori.
- Akordiorako proposamenak helburuak jartzen ditu, baina ez du hizkuntza ereduei eutsiko dien edo benetako murgiltze eredu baten aldeko apustua egingo duen zehazten. Ikastolok argi dugu: benetako murgiltze eredu bat behar dugu; ezin dugu irudikatu aldaketa hau jasotzen ez duen hezkuntza akordio edo legerik. Eta, horretarako, ezinbestez, Hezkuntza Lege berri bat behar dugu.
- Horregatik eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari determinazioz eta ausardiaz joka dezan eta Hezkuntza akordioan jaso dezan murgiltze eredua dela eraginkorrena oinarrizko printzipio bezala biltzen diren helburuak lortzeko, hizkuntza ereduak desagerraraziz.
Lanbide Heziketaren Lege berria. Euskararen egoera, orain arte bezala
- Lanbide Heziketaren Lege berria onartu dute duela egun gutxi Eusko Legebiltzarrean. Lege horren edukiak arretaz aztertzen ari gara, baina aurreratu dezakeguna da, euskarari dagokionean, orain artekoaren berdina dela, eta lan mundua euskalduntzeko urrats bat atzera egitea dela, lehendik ere oso atzean egonik. Hizkuntza ereduei eusten die egungo legeak, oso larria dena gure iritziz, hizkuntza ereduek ekarri baitute egungo egoera: A ereduan daude ikasleen hiru laurden, eta D ereduan laurden bakarra. Hori iraultzeko neurririk ez da ageri legean. Ondorioak begi bistakoak dira eta izango dira.
Atzerritar jatorria duten eta maila sozioekonomiko baxuko ikasleen eskolatzea. Eusko Jaurlaritzak matrikulazio arazoak dituzten ikastetxeetara igortzen ditu ikasleak
- Atzerritar jatorria duten ikasleen eskolatzean ikastetxeen artean dagoen desoreka handiaren eta horrek segregaziorako duen arriskuaren gaineko eztabaida ikasturte honetako hizpide nagusietakoa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. herri ekimen legegile batek bidea egin du, eta dagoeneko Eusko Legebiltzarrean da.
- Plataforma horrek eskola segregazioaren inguruan agertu duen kezka partekatzen dugu ikastolok ere; ez, ordea, eman dituzten arrazoiak. Izan ere, egungo desorekaren arrazoi nagusia da Eusko Jaurlaritzak ikasle horien eskolatzea erabili duela ixteko arriskuan diren gelak betetzeko.
- Atzerriko jatorria duen ikasleria bereziki matrikulazio garaitik kanpo eskolatzen da. Matrikulazio garaitik kanpo datozen ikasleak ezin dira zuzenean matrikulatu ikastetxe baten edo bestean; Eusko Jaurlaritzak erabakitzen du non matrikulatuko diren, Eskolaratze Batzordeen bidez (Hezkuntza Saileko organo bat da, guztiz teknikoa). Eta ia beti, dagokion herrian arriskuan dagoen ikastetxera bideratzen du ikaslea.
- Horrek esplikatzen du hein batean zergatik ikastolak ez garen gure matrikulazio kopuruari legozkiokeen atzerritar jatorriko ikasleen zenbakietara iristen. Baina, era berean, arrazoi horrek berak esplikatzen du zenbait kasutan, zenbait herritan zergatik dauden titularitate publikoko ikastetxeetan beraietan ere atzerritar jatorriko ikasle kopuruen desoreka handiak, Euskadiko Eskola Kontseiluak egunotan ohartarazi duen bezala.
- Horregatik, Eskolatze Batzordeek ezin dute jarraitu teknikarien esku soilik.Hezkuntza eragileok ere egon behar dugu, guztiok egonda, argi jakingo dugulako zein den bakoitzaren jarrera gai honetan. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu urrats hori egin dezan, eta, bide batez, publiko egin ditzan matrikulazio epez kanpo eskolatu dituen atzerritar jatorriko ikasleen gaineko datuak (kopuruak, adina, zein sareetara bideratu dituen … ).
- Ikastola inklusiboa da, ez dio inori atea itxi bere jaioterriarengatik, sinesmenarengatik, elbarritasun batengatik, gaixotasunarengatik … denok desberdinak garelako, eta aniztasun horrek aberasten gaituelako. , gurekin nahi ditugu.
- Baina, era berean, arazo honi ez zaio konponbiderik emango gai hau bakarrik jorratuko duen lege batekin. Aitzitik, hezkuntza lege oso bat behar da, gai honi bezala beste gai garrantzitsu askori erantzuteko, denek lotura baitaukate, eta denek erantzuna behar baitute.
- Ikastolok eskualdez eskualde bildu gara maiatz eta ekainean, besteak beste, gai hau aztertu eta denon artean proposamenak lantzeko. Heldu den ikasturte hasiera aldera gure proposamena plazaratuko dugu.
Euskadiko Eskola Kontseiluaren Lege berria. Ikastolak, berriro ere, Kontseilutik kanpo
- Azken hogei urteotako gobernu guztiekin lehen aldiz bildu garenetan egin diegun eskaera izan da ikastolok Euskadiko Eskola Kontseiluko kide izan nahi dugula. Duela egun gutxi onartu zen Eskola Kontseiluaren Lege berria, eta, berriro ere, ez gaituzte kidetzat onartu, nahiz eta oposizioko bi alderdik (EH Bilduk eta Podemos taldeak) ikastolok Kontseiluko kide izatea proposatu duten. Gainera, orain arte Eskola Kontseiluaren lurralde batzordeetan kide baginen ere, lege berriarekin ezin izango dugu parte hartu. Beste aukera galdu baten aurrean gaude, beste 25 urte itxaron beharko dugu berriro atea zabaltzeko.
Ikastolok hezkuntza eraldaketari eusten diogu
- Gai horiek guztiak jorratu ditugu ikastolok, baina ez dugu ahazten gure egiteko nagusia pedagogia dela. Eta horretan dihardugu, aurreko beste alorretan egoera dena delakoa izanik ere. Hezkuntza eraldaketari eusten diogu, horixe delako gure xedea, gure ikasleak, ikasle bakoitza eta guztiak, erdigunean jarririk, ahalik eta heziketarik onena eskaintzea.
- Euskaran, euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritutako proiektua sendotu dugu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta eredu bera inplementatzen hasi gara Lehen Hezkuntzako bigarren etapan, LH 6an, etapa honi dagozkion ezaugarrietara moldatuta. Heldu den ikasturterako LH 5ean inplementatuko dugu, eta dagoeneko ari gara LH 4koa egiten.
- Haur Hezkuntzan ere hIZAN proiektuaren garapenak urrats handiak egin ditu aurten. Ikastolak elkarrekin eta elkarrengandik ari dira ikasten, eta eraldaketa esanguratsuak ari dira aurrera eramaten ikastoletan, haurra ulertzeko modutik abiatuta.
- Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ere urrats garrantzitsuak egin ditugu aurten, ikasteko eta irakasteko moduetan, lanketa kooperatiboan eta beste hainbat alorretan.
- Eta etapaka bezala, osotasunean ere urrats handi bat egin dugu, hainbat ikastolatan HPI Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra ezarriz. Heldu den ikasturtean ikastola gehiago sartuko dira HPIn.
- Hezkuntza eraldatzen, gizartea eraldatzeko. Gizarte justuago, parekideago, euskaldunago eta zoriontsuago bat eraikitzeko