Herri Urratsera eta Baionako manifestaziora joateko deia
Gaur aurkeztu dute Herri Urratsen aurtengo ekitaldia. Seasako ikastolen jai handia maiatzaren 13an izango da, igandearekin, Senpereko aintziraren inguruan. Herri Urrats berezia izango da, ordea, maiatzaren 4ean, Baionako karriketan, danborrada-manifestaziora deitu baitu Seaskak, Frantziako Hezkuntza Ministerioa ez baitago emateko prest Iparraldeko ikastolen behar dituzten 25 irakasle berri. Egoera aldatzen ez bada, heldu den ikasturtean, zenbait ikastolatan 40 ikasle baino gehiagoko gelak izango dituzte. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera aldarazteko kanpaina hasi du Seaskak, eta maiatzaren 4ko danborrada-manifestazioa izango da hitzordu nagusietakoa. Herri Urrats egunean ere izango du oihartzuna eskaera horrek, baina, bereziki Manex Erdozaintzi ikastolari laguntzeko egingo da ikastolen jaia.
Prentsaurrekoan izan dira Seaskako lehendakari Paxkal Indo eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu. Haiekin batera, Herri Urratseko arduradunak ere izan dira.
Hauek izan dira Paxkal Indoren hitzak:
"Aurten Herri Urrats berezia izanen da. Frantziako Hezkunde Ministerioak ez omen digu postu berririk eman nahi heldu den sartzerako, nahiz eta 230 ikasle gehiago izanen ditugun lehen maila, kolegio eta lizeoan. Lehenagokoek egin bezala, gobernu berri honek ere Ikastolen olatua geldiarazi nahi du. Azken urteetan eraikuntza publikoen aldetik eraso egin digute. Baina Ikastolen mobilizazioaz eta determinazioz, Ikastolen olatuak oztopo guziak gainditzea lortu du.
Gobernu berriak, irakasle postuen aldetik eraso egin nahi digute oraingoan. Nahi beste, harresi, dike edo oztopo ezarriko dizkigute, baina euskal kostaldean badakigu itsasoaren indarra geldiezina dela. Euskal herritarrek duten euskara egarria handitzea besterik ez dutela lortuko.
Ikastolak kexu dira! Biziki kexu ere, atzo arratsaldean Errektoradutzatik ukan dugun mezua irakurri ondoan. Martxo hastapenean 0 postu gehiago baldin baziren, atzo Errektoreak jakinarazi digu 4 postu emanen dizkigula. Nortaz futitzen dira? Ezpeletako ferian garela uste al dute?
25 postu behar ditugu, ez daitezen 40tik gora ikasle izan geletan, eta elbarritasun bat duten haurrek baldintza duinetan ikas dezaten.
Errektorearen erantzunak argi frogatzen du Hezkunde Ministerioaren ezjakintasuna: postuez haratago, Ipar Euskal Herriko hezkuntzaren berezitasunak urrats berri bat behar du, antolaketa berezia behar du. Hizkuntza politikari erantzuteko Euskararen Erakunde Publikoa sortu da, lurraren antolaketa kudeatzeko EPFL egitura sortu da, Ipar Euskal Herriko herrien artean Euskal Elkargoa sortu da. Hezkuntzan ere ezin dugu orain arte bezala segitu. Ipar Euskal Herriak berezko Hezkuntza antolaketa behar du, Akademia ikuskari propioa behar du, euskal hezkuntzaren beharrei erantzuteko.
Beraz bai, aurten Herri Urrats berezia izanen da, maiatzaren 4ean hasiko baita Herri Urrats, ostiralez Baionako karriketan eginen dugun Danborradarekin. 3 700 ikasleak karrikara aterako ditugu danborrak eskuan. Danborra ozen joko dugu, Pauen, Bordelen eta Parisen entzun gaitzaten.
Beraz herritarrak deitzen ditugu Baionako karriketan gurekin bat egin dezaten. Eta maiatzaren 4ean Baionara etortzerik ez dutenek, jakin dezatela maiatzaren 13an heien premia izanen dugula Herri Urratseko lakuaren inguruan. Sekulan baino gehiago, Ikastolen eta euskarak herritarren sostengua behar dute."
Hauek izan dira Koldo Tellituren hitzak
"Lehenik eta behin zorionak eman nahi dizkiot Seaskari, ikastola komunitateari, egin duten eta egiten ari diren lan handiari esker, urte gutxiren buruan ia bikoiztu egin dutelako ikastoletako ikasleen kopurua. Hazkunde hori, emendatze hori, gainera, jaiotze tasa jaisten ari den urteotan izan da. Egunero ikastoletan egiten duten lanari esker lortu da hori, euskarazko murgiltze eredua eskainiz, pedagogia aurreratu eta aurrerakoiarekin. Eta ikastoletako hormetatik kanpo herritarrekin, herrietako eragileekin eta hautetsiekin duten harreman estuari esker ere izan da hazkunde hori.
Baina beti enbata ugariri aurre eginez egin izan behar du aurrera ikastolak. Eta orain ere beste ekaitz bat dugu, beste fronte bat, irailerako mehatxu egiten ari dena. Seaskak hogeita bost irakasle gehiago behar ditu heldu den ikasturterako, eta Frantziako Gobernuak ukatu egin dizkio, aurretik hainbat hitz eman zion arren.
Guztiarekin, ataka zailean geratu dira Seaskako hainbat ikastola; ikasle gehiagorekin eta irakasle kopuru berarekin eman beharko dituzte klaseak, egoerari buelta ematea lortzen ez bada.
Baina guztiok egin dezakegu indar, eta maiatzaren 4ean dugu horretarako hitzordua. Ikastola guztiok Baionako karriketan egongo gara gaur zortzi, Seaskari babesa ematen. Euskal Herriko eragileei eta herritarrei dei egiten diegu beraiek ere bat egin dezaten deialdi honekin.
Era berean, dei egiten dugu maiatzaren 13an Senpereko aintzirara hurbiltzera, Herri Urratsera, Seaskako ikastola guztiei besarkada handi bat eta sustengua adieraztera.
Bertan ikusiko dugu elkar, prefosta!"