Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta hezkuntza eragileen arteko bilera
Gaur, 2017ko ekainaren 27an, bilera bat egin dugu Eusko Jaurlaritzak, lurraldeetako Foru Aldundiek eta hainbat hezkuntza eragilek, gure ikastetxeetan ekonomiari eta zerga sistemari buruzko unitate didaktiko komun bat lantzeko dauden aukerak aztertzeko.
Iruzurraren kontrako Borrokarako 2017ko Plan Bateratuaren prebentzio-ekintzen artean jasota dago Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea hezkuntza-modulu bat, proiektuarekin bat egiten duten ikastetxe guztietan emateko. Proiektu horri bultzada bat emate aldera, hezkuntza-komunitateari laguntza eskatu digute Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek.
Unitate didaktiko honek Gipuzkoako lurralde historikoan erabili den Unitatea izango du oinarri eta erreferentzia. Bileran parte hartu dugun hezkuntza eragileok Gipuzkoako ikastetxeetan ezartzen lagundu genuen, eta ikastolon aldetik, gainera, unitatea sortzen jardun genuen HUHEZIrekin elkarlanean.
Egitasmo honen sorrera Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena izan zen, Bilduren eskuetan zegoela, eta orduko Ekonomia eta Ogasun diputatu Helena Francoren eskutik iritsi zen. Ikastolen Elkarteak hastapenetik hartu zuen parte ekimenean, eta unitatea landu den ikastetxeetan, gure kasuan ikastoletan, oso emaitza onak eman ditu.
Orain arte erabili dugun unitateak, besteak beste puntu hauek jorratzen ditu: zerga obligazioak borondatez betetzeko beharra; karga sozialak ekitatez banatzeak dakartzan onurak; herri diruak zertan erabiltzen diren ezagutaraztea, eta zer zerbitzu ematen diren euren ekarpenarekin. Herri finantzaren ezagutza eta kontzientziazio fiskala hezkuntzan txertatzeko erabiltzen den aukera guztiz egokia eta ezaguna zaigu: sekuentzia didaktiko bat da, ikasgai baten programazioan, konpetentzietan, ikaste-prozesu aktiboan eta ikaskuntza kooperatiboan oinarritua.
Oraingoa Gipuzkoako Aldundiarekin lurralde horretan hasitako elkarlan horri administrazio publikoko erakunde gehiagorekin EAE osoan segida emateko aukera da, Hezkuntzaren barruan, herri finantzaren ezagutza eta kontzientziazio fiskala lantzeko. Horregatik ikastolok prestasun osoa dugu ekimenari bultzada emateko.
Ulergaitza egin zaigu, beraz, proiektu honen aurka altxatu diren zenbait ahots. Salatu baitute, alde batetik, irakasleen izen ona auzitan jarri nahi dela, eta, bestetik, unitate honen bitartez ikastetxeetan erakunde ekonomikoek (OCDEk, Munduko Bankuak eta FMIk) esku-hartu nahi dutela. Pentsatu nahi dugu ez dutela ulertu unitate didaktiko honen helburua, ez baitu inolako zerikusirik salatu dutenarekin.