Aroa Arrizubieta, Eskolarteko Bertsolari Txapelketako irabazle
Sarako trinketeak kaleko sargoria apaltzen bazuen ere, bertaratutakoek eta, bereziki, lehian ziren bertsolari gazteek ederki berotu zuten eskolartekoaren finala. Giro bikaina, eta bertsolari bikainagoak oholtzan aritu zirenak.
XXIX. Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala jokatu zuten larunbatean Saran. Ikastolen Elkarteak abiatu zuen duela hogeita bederatzi urte, eta azken hauetan Bertsozale Elkartearekin batera elkarlanean antolatzen du. Bat batean bezala, bertso jarrietan, urtero milaka gaztetxok hartzen dute parte ekimen honetan.
Larunbateko ekitaldiari dagokionez, zozketak agindutako ordenan abestu zuten bertsolariek: Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001), Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002), Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000), Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001), Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001), Julene Etxeberri Pacheco (Sara, 2001), Oier Urreizti Lafitte (Bidarrai, 2000), Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001), Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo, 1999), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001), Jokin Irastorza Zabalegi (Oiartzun, 1999) eta Elixabet Etxandi Goienetxe (Izpura, 2000). Gai jartzaile lanetan Pantxika Solorzano aritu zen eta epaile lanetan, berriz, Aitor Jimenez, Leire Etxebarria, Elisa Iztueta, Lierni Elortza, Saioa Mitxelena eta Iban Thicoipe.
Saio bikaina osatu zuten bertsolari guztiek, eta haien artetik sei igaro ziren bigarren zatira: Oihana Arana, Aroa Arrizubieta, Elixabet Etxandi, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Jokin Irastorza. Aroa Arrizubieta nagusitu zen azkenean, eta Joanes Illarregi sailkatu zen bigarren lekuan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko egungo txapeldun Amets Arzalluzek jantzi zion txapela txapeldun gazteari.