PRENTSA OHARRA. EH Bilduk Lanbide Heziketaren gainean egin duen Lege Proposamenaren inguruan
Ikastolen Etxean, 2017ko maiatzaren 4an
Ikastolok harridura handiz hartu dugu EH Bilduren Talde Parlamentarioak Lanbide Heziketaren gainean egin duen Lege Proposamena. Harriduraz, proposamena bera Eusko Legebiltzarrean erroldatu arte ezer ez genekielako ekimen horri buruz.
Haserrea ere eragin digu, eta mindu ere egin gaitu, lege proposamen artikulatua eta zenbait hezkuntza eragilerekin kontsultatu ostean egindakoa izaki, EH Bilduk ikastolak ez dituelako aintzat hartu, geuk ere Lanbide Heziketa, eta euskaraz, eskaintzen dugun arren.
Kasu honetan, uste dugu EH Bilduk bide okerra hartu duela eragile batzuekin hitz egin eta, aldiz, beste batzuk baztertuz. Espero dugu praktika hori ez errepikatzea, EH Bilduk, gainontzeko alderdi eta talde parlamentarioek bezala, hezkuntza gai guztiez aritzeko ikastolen ateak irekita eduki dituelako, dauzkalako eta edukiko dituelako.