La Milagrosa ikastetxea eta Ikastolen Elkartea
Jakina den moduan, Ikastolen Elkarteak denbora eman du Barakaldoko La Milagrosa ikastetxearen hezkuntza komunitatearekin harremanetan, ikastetxe horrek bizi duen krisi gordinari irtenbide duin eta bideragarri bat emateko helburuarekin. La Milagrosako hezkuntza komunitateak hezkuntza kooperatiba bihurtzeko eta Ikastolen Elkarteko kide bilakatzeko asmoa adierazi zuen. Hori dela-eta, eraikinaren jabe den Miranda Fundazioarekin eraman duten negoziazioan ere aholkularitza lanetan aritu da Ikastolen Elkartea.
3 eta 16 urte bitarteko ia 400 ikasle eta 40 langile (irakasle eta ez irakasle) ditu egun La Milagrosak. Hijas de la Caridad kongregazioak kudeatu du orain arte, baina iragarri zuen abuztuaren 31n proiektua amaitu egingo duela. Kongregazio erlijiosoak ikastetxearen kudeaketa utzita ere, gurasoak eta langileak prest ziren proiektuari eusteko, eta kooperatiba bihurtuta, Ikastolen Elkartean bazkidetzeko asmoa zuten. Hala adierazi zitzaigun, eta helburu horrekin hasi zen Ikastolen Elkartea hezkuntza komunitatea aholkatzen eta Miranda Fundazioarekin bitartekari lanak egiten.
Ikastetxearen bideragarritasun plan bat marraztu zuen EHIk eta kooperatiba sortzeko hainbat aukera proposatu zizkion La Milagrosako komunitateari. Bideragarritasun planak aurreikusten zuen alokairua 100.000 euroren inguruan kokatzea, gainontzean ezingo litzatekeelako ikastetxearen etorkizuna bermatu.
Ordea, beste bide bat jorratzea erabaki zuen La Milagrosako komunikatateak, eta duela bi aste plazaratu zuen publifikazioaren aukera.
Gurasoek eta langileek ikastetxea publiko egiteko eskaera eginda, Ikastolen Elkarteak ulertzen du albo batera utzi dutela kooperatiba bihurtu eta EHIko kide izateko aukera. Ondorioz, Ikastolen Elkarteak ere bertan behera utzi ditu orain arte aurrera eramandako aholkularitza eta bitartekaritza.