Hiazinto Fernandorena Setien eta Xabier Aristegieta
Hiazinto Fernandorena Setien joan zaigu. Lazkaoko San Benito Ikastolako sortzaile izan zen.
BERRIAn argitaratua.
"Pello Joxe Aranburuk "profeta" gisa deskribatzen du Hiazinto Fernandorena Setien: "1936ko gerraren ostean, euskararen etorkizunerako beharrezkoa ikusi zuen ikastolak sortzea, eta haietan ikasketa metodo bizi bat ezartzea, praktikan oinarritutakoa". Hala Lazkaoko ikastolen sortzaile bilakatu zen urnietarra. 1930eko ekainaren 29an jaioa, euskaltzain urgazle izendatu zuten 1967ko abuztuan. 2011an buruko isuri bat izan zuen eta azken urteak Andoaingo zaharren egoitzan egin ditu. 86 urte zituela hil da.
Euskaltzaleari omenaldi txikia egin nahi izan zioten lagunek Jaxinto, ikastolen lemazain liburuarekin. Aranbururekin batera idatzi zuten liburua Iñaki Elortzak, Koro Etxeberriak, Maria Jesus Iartzak eta Xabier Lasak. 2015ean argitaratu zuten. "Aitzindariak izan ziren Hiazinto eta haren inguruan lan egin zutenak. Haiek sortu zituzten, gainera, ikastoletarako material guztiak, eta irakasleak ere trebatu zituzten", azaldu zion Aranburuk BERRIAri.
Duela bi urte omenaldi jendetsua egin zioten Andoainen bertan. Han izan ziren euskaltzalearen lagun eta lankide ugari, tartean Dionisio Amundarain itzultzailea: "Bizia eman dizun lurrarekiko lotura bizia erakutsi duzu Hiazinto Fernandorena Setien". Lazkaoko ikastolen sortzaile eta euskal udalekuen bultzatzaileetako bat izan zen urnietarra".
Eta atzo bertan zendu zen Xabier Aristegieta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria 1973-76 urteetan izandakoa.
Gipuzkoako Ikastolen Elkartea: 25 urte liburuan argitaratutakoa.
"1973ko urtearen bukaeran Xabier Aristegieta jauna izendatu zuen Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak bere lehendakaritzarako.
Hurrengo 3 urteak oso garrantzitsuak izan ziren bai ikastolentzako eta baita Elkartearen sendotasunerako ere. Elkarteari nortasun juridiko propioa eman zitzaion; euskal testugintzari hasiera eman eta garai hartan lanean hasi berriak ziren euskal argitaletxeak elkarlanean jartzea lortu zen. Erdal testuak euskaratuz hasi baziren ere, oso urte gutxitan Eskolaurre eta O.H.O.rako euskal testuak prestatu ahal izan ziren. Hau izan zen, beharbada, euskal irakaskuntzaren mesedetan egindako ahaleginik handi eta mesedegarrienetakoa.
Urte zailak eta korapilotsuak ziren ....
1974an Talde Bateragileak Paulo Agirre aukeratu zuen Elkarteko idazkari ....
Ikastolen autorizazioa, legalizazioa eta finantziaketa izan ziren 1975-78ko bitarte horretan bete behar izan ziren eginkizun nagusienak. Madrilen egin behar ziren gestio guzti horiek eta Xabier Aristegieta lehendakari zela hasi baziren ere harremanak (Marcelino Oreja jaunarekin), Jose Antonio Zalduaren garaian eman ziren ...."